Eusko Jaurlaritzarentzat ez dago irregulartasunik Hiriko ibilgailu elektrikoaren proiektuari Jaurlaritzak eman zion diru laguntzan: "Ikerketa proiektu bat laguntzeko zen, eta hori bete zen. Besterik da proiektua ez zela errealitate bilakatu". Arantza Tapia Garapen Ekonomikorako sailburuaren esanetan, Jaurlaritzak emaniko 2.600.000 euroak ondo arrazoituta daude.
PSE-EEk ere bat egin du sailburuarekin; Vicente Reyes legebiltzarkideak adierazi du erakunde publikoek ongi banatu zituztela diru laguntzak. Arazoa proiektuaren ardura hartu zutenengan jarri du: "Soldata handiegiak jarri zizkioten euren buruari".
Arabako Fiskaltzak itxi du iazko uztailean hasitako ikerketa, Hiriko ibilgailu elektrikoaren proiektuari buruzkoa. 35 kaxa bete ditu dokumentuz, eta igorri dizkio ondorioak epaileari. Ikerketa "konplexua eta sakona" izan dela adierazi du Arabako fiskal nagusiak, Iosu Izagirrek. Eta ondorioa azaldu du: kereila kriminal bat aurkeztu du Hiriko sustatu zutenen aurka. Delitu parrasta bat egotzi dizkie: diru funts publikoak bidegabeki erabiltzea, dirua zuritzea, administrazioari iruzur egitea, dokumentuak faltsutzea, bidegabeko jabetzea egitea... Orain dokumentuak epailearen esku daude, Gasteizko Instrukzio Auzitegiko hirugarren salan, eta hari dagokio auzibiderik hasiko duen edo ez erabakitzea.
Bidean gelditu zen proiektua
Hiriko proiektua Euskal Herriko enpresa talde batek eta MIT Massachusset Institute of Tecnologyk abiatu zuten. Hiri barruetan ibiltzeko auto elektriko txikiak sortu nahi zituzten. Zabalpen handia izan zuen egitasmoak. Europako Batzordera ere eraman zuten, eta prototipoetako batean sartuta ibili ziren, esaterako, Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko garai hartako presidentea eta Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroa. Diru laguntzak jaso zituen egitasmoak —Espainiako Gobernuak 15 milioi euro eman zizkion, eta Jaurlaritzak, 2,7 milioi euro—. 2013an sortu behar zituzten lehen ibilgailuak, baina 2013ko maiatzean proiektua bertan behera utziko zutela iragarri zuten, finantzabiderik ez zutelako aurkitu produkzioari ekiteko.
Proiektuak polemika handia eragin du Eusko Legebiltzarrean, agintaldi honetan. Epsilon egitasmoarekin batera joan da Hiriko-ri buruzko eztabaida. Badira antzekotasunak bien artean; 1 Formulako ibilgailuak ekoizteko egitasmo bat izan zen Epsilon, administrazio publikoen partetik 48 milioi euroko laguntzak jaso zituena, gero ezerezean geratzeko. Bi proiektu horietan Eusko Jaurlaritzak eta administrazio publikoek nola jardunz zuten ezagutzeko asmoz, ikerketa batzorde bat antolatu zuten, iaz, Eusko Legebiltzarrean. Batzordeak uztailean bukatu zituen lanak, eta buruzagi jeltzaleen kudeaketari egotzi zien administrazioek dirutza horiek galdu izana. EAJk ez zuen ondorioa onartu, baina gainerako alderdiek batera eman zuten txostenaren aldeko botoa. EH Bilduk eskatu zuen arduradunen izenak zerrendatzeko txosten horretan, baina horri uko egin zioten gainerako alderdi politikoek.
Ikerketa batzordeak bere lanak bukatzearekin batera Arabako fiskal nagusiak hartu zuen txanda. EH Bilduk salaketa bat aurkeztu zuen epaitegian, Hirikoren patenteen kudeaketan ondasunak ezkutatzeko delitua egon zitekeelakoan, eta patente horiek galtzeko arriskua zegoelakoan. Fiskalaren ikerketa kereila kriminal honetara iritsi da orain. Patenteei buruzko salaketari dagokionez, aldiz, ez du patenteak galtzeko arriskurik ikusi, eta atal hori artxibatzeko eskatu du.
Fiskalak berak berri agentziei adierazi dizkie salaketaren oinarriak, baina ez ditu jakinarazi xehetasun batzuk. Proiektua sustatu zuten enpresen aurka aurkeztu duela kereila, bai, esan du, baina ez du zehaztu nor gehiago salatu duen. Afypaida enpresak sustatu zuen egitasmoa, baina haren mende ziren beste enpresa batzuetako arduradunak ere auzipetzeko eskatu du. Hiriko aurkeztu zutenean, proiektuaren sustatzaileen artean ziren Guardian, Sapa, TMA, Forging Products, Basque Robot Wheels, Ingeinnova eta Maser Mic. Denokinn zentroak koordinatzen zituen. Jada hasitako ikerketa horiez aparte, Espainiako Kontu Auzitegiak ere aurten aztertuko du Hirikoren kudeaketa.
Karguak uzteko eskaera
EH Bilduko legebiltzarkide Igor Lopez de Munainek, atzo, fiskalaren eskaria ezagututakoan, EAJri eta PSE-EEri egotzi zien Hirikoren kudeaketaren ardura, eta karguak uzteko eskatu zien kudeaketan zerikusia izan dutenei: "Diru publikoen lapurreta horren erantzule politikoek kalean behar lukete aspaldi. Eta Fiskaltzak kereila kriminal bat aurkeztu duela jakinik are eta onartezinagoa da pertsona horiek administrazioan lanean segitzea".