ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek deituta, Eusko Jaurlaritzaren politika ekonomikoaren aurkako manifestazioa egin dute gaur Gasteizen, eta hiru mila lagun batu dituzte. Aurretik ekitaldia egin dute Aihotz plazan, eta hortik abiatu dira gero Eusko Legebiltzarreraino, "aberastasunaren banaketa eta aurrekontu sozialak aldarrikatzeko". "Krisiaren aurkako aurrekontuak" eskatu dituzte hala, eta Jaurlaritza "langileen alde" jartzeko. Han izan dira, besteak beste, Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusia eta Ainhoa Etxaide LABekoa (sindikatuen hitzaldia hemen).
Nahiz eta Jaurlaritzan aldaketa egon den aurten -PSE-EE dago agintean, EAJ-EA-EB hirukoaren partez-, Euskal Herriko gehiengo sindikala osatzen duten haien ustez "politika berak" segitzen du. "Argi dago politika bera egiten jarraitzen dutela", dio Muñozek, "baina ez gaude gobernuek eta patronalak adosten dituzten politikak onartzeko prest”. Etxaidek uste du "krisia sortu duen politika aldatzeko asmorik ez" duela Jaurlaritzak.
PSE-EEk prest ditu 2010eko aurrekontuak, PPrekin negoziatu ondotik -EAJ eta Hamaikabat batu zaizkie-, eta kontu horiek kritikatu dituzte ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiruk. Esaterako, "zerga politika zirkuku ilunetan eztabaidatu ohi dute, legebiltzarra ordezkatuta". Aurrekontuak "neoliberalak eta eskuinekoak" dira, haien iritziz.
"Krisia gainditzeko" dekalogoa aurkeztu zuten sei sindikatuek irailaren 15ean, baina salatu dute Jaurlaritzak ez diela erantzun.
EAEko elkarrizketa sozialareko mahaiaren aurka ere egin dute ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiruk -besteak beste, Jaurlaritzak, CCOOk eta UGTk osatzen dute mahaia-, "entretenitzeko besterik ez duelako balio".
ekoNOMIA
Jaurlaritzaren politika ekonomikoaren aurkako manifestazioa egin du gehiengo sindikalak
Gasteizen mobilizatu dira hiru mila lagun, ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiruk deituta. Haien ustez, exekutibo berriarekin politika berak segitzen du eta "krisiaren aurkako aurrekontuak" eskatu dituzte. Euren dekalogoari Jaurlaritzak erantzunik ez diela eman salatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu