Eusko Jaurlaritzak krisiari aurre egiteko «ekimen eta eraginkortasun falta» erakutsi duela uste du Aralarrek. «Hartu diren erabaki bakarrak izan dira lehen ere bazeuden lan ildoak zabaltzeko, ez du neurri bakar bat ere hartu krisiari ikuspegi sozial batetik eta ezkerreko ikuspegi batetik aurre egiteko», esan du. Alderdiak, egoera ekonomikoa ikusita, kalitatezko enplegua defenditzeko, babes politika zabaltzeko eta zerga politika aldatzeko eskatu du.
Hiru eskaera horiekin batera, hainbat proposamen ere egin ditu Aralarrek. Aintzane Ezenarro legebiltzarkideak, Josu Murgia Bizkaiko batzarkideak, Iñaki Aldekoa Arabako batzarkideak eta Mikel Zurbano Alderdiko ekonomia arduradunak eman zuten horien berri, atzo, Donostian.
Kalitatezko enpleguari dagokionez, langileekin adostu gabeko enplegua erregulatzeko espedienterik ez onartzeko eskatu dio Lan Sailari. Lan sailburuak hala hitz eman arren ez dela esandakoa betetzen ari esan du Aralarrek. Horrez gain, langabezia saria urtebetez luzatu behar dela uste du, eta lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatu behar dela. «Espainiako Gobernuak iragarri duen bezala estalduraren hedapena sei hilabetez luzatzea eta 420 eurokoa izatea ez da aski», esan du Ezenarrok. Era berean, erregulazioan dauden langileentzat iragarritako prestakuntzarako laguntzak langabezia saria amaitu zaien guztientzat zabaldu behar direla dio.
PFEZen gehiengo tasa %48
Babes sozialaren arloan, oinarrizko errenta jasotzen dutenak gizarte zerbitzuetan lan egiteko prestatzea ongi ikusten duela esan du Ezenarrok. Haren esanetan, ordea, proiektua errentagarria izateko prestakuntza jaso dutenei hiru urteko kontratua egin behar zaie.
Politika fiskalaren «noranzkoa» aldatzea ere ezinbestekotzatikusten du Aralarrek. Hala, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren gehiengo tasa %48ra igotzeko eskatu du, baita sozietate zerga %40 izatea ere.
Jaurlaritzari krisiari aurre egiteko «ekimen falta» egotzi dio Aralarrek
Kalitatezko enplegua, babes politika zabalagoa eta zerga sistema aldatzea eskatu ditu alderdiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu