Jaurlaritzari transferentzia «hondatua» onartzea leporatu dio ELAk

Enplegu politika aktiboak bere egitea pasiboak eskuratu gabe Gernikako Estatutua urratzea dela salatu du

Mikel Carramiñana.
Bilbo
2009ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Ez edukia, ezta erabakiaren berri zabaltzeko moduak ere. Eusko Jaurlaritzak enplegu politika aktiboak bereganatzearen aurka dagoela jakinarazi zuen atzo Adolfo Muñozek. Politika pasiboak eskualdatuko ez dituen eskumena gaitzetsi zuen ELAko idazkari nagusiak eta, horrez gain, Lakuaren erabakia Lopez lehendakariaren ahotik jakin beharrean egunkarietan irakurri behar izan dutela salatu zuen sindikatuko zuzendaritzak.

Mikel Noval ELAko Politika Sozialeko arduradunak «informaziorako eta parte hartzeko aukera» exijitu zion Lopezen gobernuari, are gehiago «langileentzat horrenbesteko garrantzia» duten gaietan. Horrez gain, enplegu politikaren gainean «jarrera irmoa» eskatu zion Jaurlaritzari: politika aktiboak pasiboetatik ez bereizteko, eskualdatutako gaietan kontzertu ekonomikoaren irizpideari jarraitzeko eta langileen prestakuntza Euskal Autonomia Erkidegoan erabakitzeko galdegin zion lehendakariari.

Diru bilketa bereganatu

Espainiako Gobernutik enplegu politika aktiboak jasotzeari transferentzia «hondatua» deritzo ELAko idazkari nagusiak. Eskumen horiek bere egiteko EAEk enpleguari lotutako diru funtsak ere eskuratu behar dituela nabarmendu zuen Muñozek, «gizarte kotizazioak barne». Beste edozein ereduri jarraitzea «Gernikako Estatutua urratzea eta iruzurra» dela salatu zuen.

Horren harira, irizpide horiek aintzat hartuko ez dituen transferentziak langileen trebakuntzarako Hobetuz fundazioaren ereduari jarraituko diola ohartarazi zuen, zein «enpresaburu eta sindikatu batzuen negozioa finantzatzeko tresna» bilakatu duten.

Enplegu politiken eskualdaketaren kontra ez ezik, Lopezek hasitako elkarrizketa sozialaren aurka ere egin zuen Muñozek. CCOO eta UGT sindikatuekin batera EAEn Madrilgo eta Nafarroako eredua berregin nahi dutela salatu zuen, «euskal gehiengo sindikalaren kontra». Esan zuenez, lan munduko gai nagusiak mahai horretatik kanpo geldituko dira; lan istripuak eta zerga politika, kasu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.