Proposamen hutsa da oraingoz, baina zerga indarrean jarriz gero, zuzenean eragingo lioke EHKA kola edaria egiten duen Alterka kooperatibari.
Defizitari aurre egiteko, edari azukredunei zerga bat jartzea proposatu du Frantziako Gobernuak. Zer iruditu zaizue?
Ergelkeria bat; gobernuak esaten du azukrearekin jendea gizenarazten dugula, baina aitzakia hutsa da: zerga berria erabili nahi du behartsuenek gehiago ordain dezaten, beti bezala.
Gizentasunari aurre egiteko balioko du?
Ez, ez du ezertarako balioko. Gainera, kontraesana da. Alde batetik, gobernuak esan du diru kutxei 120 milioi euroko ekarpena egingo diela zergak; bestetik, jendeari eskatu dio ez edateko edari azukredunik, gizentasuna eragiten dutelako. Jendeak ez badu edaten, nola gizendu nahi dituzte, bada, diru kutxak?
Gobernua jarri al da zuekin harremanetan zerga horri buruzko azalpenak emateko?
Ez, guri ez digu ezer esan. Ez dakigu tasa zenbatekoa izango den, nola ordaindu beharko dugun, ezta noiz jarriko den martxan ere. Urrian edo jarri dezaketela esaten dute, baina guk ez dakigu ezer.
Enpresa handiak, Coca-Cola tartean, zergaren kontra daude, eta neurriak hartzeko prest agertu dira. Halere, enpresa txikioi gehiago eragingo dizuela uste duzu?
Bai, ziurrenik bai. Guk, ordea, ezin dugu ezer egin, industrian indar gutxi dugulako. Coca-Colak, bai, dirua duelako, eta esan du dagoeneko Frantziako inbertsioak gelditu ditzakeela.
Osasunerako hain txarrak dira edari azukredunak?
Ez. Aitzakia hutsa da, gizentasuna ez dator azukretik bakarrik, elikadura txarretik baizik. McDonalds eta halako enpresei ez diete jarriko zergarik; nik uste beti hanburger bat jatea txarragoa dela noizbehinka edari azukredun bat edatea baino. Norberak badaki zer jan edo edan behar duen.
Carol Platero. Alterka kooperatibako kidea
«Jendeak ez badu edaten, nola gizendu nahi dituzte diru kutxak?»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu