Pentsioen erreforma

Jendetza elkartu da Baionan, pentsioen erreformaren aurkako protestan

Intersindikalak eta Jaka Horiek manifestazio jendetsua egin dute. Frantziako Gobernuak eta sindikatuek Gabonetako oporretatik bueltatzean jarraituko dute negoziatzen.  

Pentsioen erreformaren aurkako beste manifestazio jendetsu bat egin dute gaur Baionan. OIHANA TEYSEYRE KOSKARAT / BERRIA
2019ko abenduaren 28a
18:48
Entzun

Urte amaierako protestek Baionako giroaren tenperatura igo dute azken asteetan. Gaur, beste manifestazio jendetsu bat egin dute, Frantziako Gobernuak bultzatzen duen pentsioen erreformaren aurka. Intersindikalak dei egin du manifestaziora, eta Jaka Horiek bat egin dute deialdiarekin. Emmanuel Macron Frantziako presidentearen aurkako oihuekin abiatu dira Baionako kaleetan. Ehunka lagun elkartu dira, iragan asteetan egindako bost manifestazioetan bezala. Manifestariak Departamendu Kontseiluaren aurrera arte egin dute ibilbidea.

Joan den asteko ostegunean egin zuten aurreko protesta jendetsua. Orduan, Frantziako Poliziak trenbideetako langile bat atxilotu zuen, LAB sindikatuko afiliatua. Egunean bertan askatu zuten.

Sindikatuek erretreten erreformaren kontrako borrokari eutsi nahi diote, Frantziako Gobernuak atzera egin arte. Gobernuak ez du horretarako asmorik adierazi, ordea. Urtarrilaren 7an egingo dute hurrengo bilera sindikatuekin. Bitartean, agintariak oporretan daude, eta trenbideetako langileen grebak izango du eragina datozen bi asteetan.

Oraingoz, Macronek urtarrilaren 22an nahi du aurkeztu pentsioen erreformarako proiektua Ministro Kontseiluan. Macronek hauteskunde kanpainan agindu zuen bezala, sistema bakar bat izango da, «unibertsala». Gaur egun 42 pentsio sistema daude Ipar Euskal Herrian eta Frantzian. Erreformaren beste helburuetako bat erretiroaren adina atzeratzea da —62 urtean dago orain—, nahiz eta oraindik ez duten zehaztu erretiroaren adin ofiziala. Proiektuak bere bidea eginez gero, otsailean iritsiko da Asanblea Nazionalera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.