SOSLAIA. Cesar Alierta

Jose Maria Aznarren lagun zaharra

xabier martin
2016ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Kasik hamasei urte igaro eta gero, badoa Cesar Alierta Telefonicako presidente ahaltsua (Zaragoza, Espainia, 1945). Moncloako korridoreak ongi baino hobeto ezagutzen dituen enpresariak lekukoa eman dio bere begikoari, munduko telekomunikazio konpainia handienetakoa zuzendu dezan. Jose Maria Alvarez Palleterentzat ez da erraza izango Aliertaren adinako itzala lortzea, itzal horretatik Espainiako politikaren hariak nola mugitzen diren aspaldian ikasi baitzuen aragoiarrak.

Itzaletik azaldu zen 2000. urtean, Juan Villalonga orduko presidenteari eserlekua kentzeko. Jose Maria Aznarrek, artean Espainiako presidente, ez zuen ongi hartu Villalonga bere ikaskide ohi eta lagun minak jarritako desafioa KPN herbeheretarra bereganatzeko operazioarekin, eta hark porrot egin ostean —besteak beste, Aliertaren kontrako botoarekin—, Aznarrek aldaketa gauzatu zuen, Alierta tronuraino eramanda.

Gertaerak inor gutxi harritu zuen, Aliertak zerbitzari fina zela erakutsi baitzion PPko presidenteari Tabacaleraren aroan. Aznarrek Espainiako tabako enpresa publikoa pribatizatzeko aukeratu zuen 1996an, boterera iritsi berritan. Denbora gutxian, Frantziako Seitarekin bat egin zuen Tabacalerak, eta Altadis sortu. Inondik ere, eraginkorra izan zen Alierta pribatizazio prozesu azkarrean.

Boterearen lasterketan izandako orban handienetakoa utzi zion, ordea, prozesuak. 1997an, konpainiaren akzioak erosteko informazioa pribilegiatua erabiltzeagatik auzipetu zuten, baina Espainiako Justiziak nekez harrapatu zuen 2000. urtetik aurrera Telefonicaren errege zena. 2009an itxi zen auzia, ustezko delituaren preskripzioarekin.

Alierta brokerra

1970eko hamarkadan New Yorken Enpresak Kudeatzeko master bat egin izanak burtsaren ateak ireki zizkion ibilbide profesionalaren hastapenean Cesar Aliertari. Beta Capital enpresa jarri zuen martxan, eta Espainiako aberats handien dirua kudeatuz —aberastasunak handituz— lortu zituen enpresa handien eserlekuak ekarri zizkioten lagunak. Broker gisa hamar urte egin ostean, Jose Maria Aznarrek bedeinkapena eman zion Tabacalera pribatizaziora gida zezan.

Telefonican, berriz, nazioartekotze prozesu handian sartu zuen konpainia; batez ere, Latinoamerikan. Europan ere zabaldu ditu adarrak, eta guztietan sartu dira eserlekuak betetzera hala PSOEko nola PPko politikari ohiak. Ez alferrik ate birakarien motor handienetakoa bihurtu du Telefonica Espainian.

Langileekin ez da hain eskuzabala izan Alierta. Haren gidaritzapean bi erregulazio dosier izan ditu konpainiak. Lehenak (2003-2007) 13.500 langileri eragin zien. Bigarrena 2011n hasi zen, eta 2013an bukatu, eta beste 6.500 behargini eragin zien. Erregulazio horiek ez zituzten harrapatu politikari ohiak edo haien senitartekoak; adibidez, Eduardo Zaplana, Narcis Serra eta Eduardo Madinaren bikotekide Paloma Villa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.