Bukatu da EAEko Justizia administrazioan langileen greba, gaur bozketak egin eta Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuaren azkeneko eskaintza onartzea erabaki dutelako. 570 langile alde azaldu dira eta 423 kontra. Urriaren 24an hasi zuten greba, ELA, LAB, CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek deituta.
Gaur, ELAk ez beste denek, Justizia administrazioko langileen erabakiarekin bat egin dute. ELAk, aldiz, esan du akordioa nahikoa ez dela eta, “parekotasunik lortzen ez denez”, onartu denera ez lotzea erabaki du, ez duela akordioa sinatuko. Dena dela, beste sindikatuek akordioa nahikoa ez dela pentsatzen segitzen dute.
Bizkaian 357 langilek alde bozkatu dute, 319k kontra, sei abstenitu egin dira eta boto bat baliogabea izan da. Gipuzkoan 130 alde, 68 kontra, lau abstentzio, baliogabe bat. Araban 83 alde, 36 kontra, bi abstentzio.
EAEko Justizia Sailak, sindikatuei abenduaren 28an aurkeztutako proposamenean hainbat aldaketa egitea onartu zuen atzo, Azkarraga sindikatuekin bildu ondoren; besteak beste, soldata igoera akordioa sinatzen denean gauzatzea eta igoera horren %65 lehendabiziko ordainketan zehaztea. Soldata igoerarekin zerikusia duen neurri berriaz gainera, Justizia sailak onartu zuen akordioa sinatzen den momentuan gauzatuko dela esparruen arteko oreka lortzeko osagarria %5 igotzea.
Halaber, Justizia administrazioko behin-behineko funtzionarioek gainerako behin-behineko funtzionarioek kobratzen duten forman, epean eta kopuruan kobratuko dute egonkortasunari atxikitako osagarria. Eta lanpostuen zerrendaren balorazioaren ondorioz, ordainsariak administrazio orokorrekoekin parekatuko direla.
Justizia administrazioko langileek Jaurlaritzaren azken eskaintza onartu egin dute eta bukatu da greba
Gaurko bozketetan 570 langile alde azaldu dira eta 423 kontra. ELAk ez beste sindikatu denek erabakiarekin bat egin dute. ELAk esan du akordioa nahikoa ez dela eta, “parekotasunik lortzen ez denez”, onartu denera ez lotzea erabaki du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu