Kaioletan harrapatuta

Mediterraneoko itsasontzien gehiegizko arrantzak eta hegalaburra gizentzeko kaiolak ugaltzeak desagertzeko arriskuan jarri dute espeziea.

Hegalaburrak gizentzeko kaiolak, Mediterraneoan. PHOTOSTOCK.
jakes goikoetxea
Donostia
2012ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Hegalaburra arrain errentagarrienetakoa da, eta horrek arrisku bizian jarri du. Mediterraneoan hegalaburra arrantzatzeko itsasontziak eta hegalaburra gizentzeko kaiolak izugarri ugaldu dira 1990eko hamarkadatik aurrera, Japoniaren hegalabur eskaerak eta ordaintzen dituen prezio garestiek bultzatuta. Enpresa horietako bat da Murtziako (Espainia) Ricardo Fuentes e Hijos, munduko hegalabur salerosle nagusietakoa. Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleek hegalabur kuotaren %70 saldu diote.

Hegalaburrak gizentzen dituzten enpresek hegazkinak baliatzen dituzte hegalaburra aurkitzeko. Aurkitu eta gero, itsasontzi aurreratuenak dituzte hegalaburra arrantzatzeko. Ingurasarearekin harrapatu, kaiola batera pasa eta atoiontzietan eramaten dituzte gizentzeko kaioletara, kostatik gertu. Sei hilabetean antxoak, berdelak, sardinak, txitxarroak... ematen dizkiete jateko. Helburua gantza pilatzea da, Japonian saltzeko. Japoniak erosten du bost hegalaburretik bat.

Mediterraneoan hegalaburra arrantzatzen eta gizentzen duten enpresek ez diete jaramonik egin ICCAT Atlantikoko Atunak Babesteko Nazioarteko Batzordeak ezarritako gehienezko mugei. 2007an, esaterako, 32.000 tonako muga ezarri zuen Atlantikoaren ekialdean —Mediterraneoa barne—; ICCATek berak onartu zuen, ordea, guztira 61.000 tona arrantzatu zituztela. Gizentze kaiolekin zailagoa da arrantza kontrolatzea, kaioletan kuotak baimendutakoa baino hegalabur gehiago pilatzen baitituzte.

Hainbat talde ekologistak baimendutako baino hegalabur gehiago harrapatzea leporatu izan diote Ricardo Fuentes e Hijosi. Enpresak ukatu egin du.

1970etik %80-85 murriztu da ugal daitezkeen hegalaburren biomasa. Hegalaburra ugaltzeko sasoi betean arrantzatzen dute Mediterraneoan, maiatza eta ekaina artean.

Jar al daiteke hegalaburra gizentzeko kaiolarik Kantauri itsasoan? Gipuzkoako Kofradien Federazioko bileretan noiz edo noiz aukera aipatu izan dute, baina ez dute aurrera egin. Agian gogoeta egin beharko dute, Elduaienen iritziz. Aztertu egin beharko lukete ea teknikoki posible den, Kantasuri itsasoa Mediterraneoa baino zakarragoa baita. Horrez gain, kokapenak eztabaida eragin dezake, gizentze kaiolek kalte egiten baitiote itsas hondoari, pilatutako hondakinen ondorioz. Arrantzatzeko modua ere aldatu egin beharko lukete: kanaberarekin harrapatu beharrean, hegalaburrak ingurasarearekin harrapatu beharko lituzkete, eta gero kaioletara arrastan eraman. «Ekonomia aldetik tentagarria da», dio Elduaienek, «baina ez da hain sinplea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.