Kaleratzeak iragarri dituzte Gasteizko Alestisen

Aeronautika sektorekoa da. Iaz, enpresaren jabetza lortu zuen Aciturrik, eta hark ere jakinarazi ditu kaleratzeak.

Alestis enpresaren lantegi bat. DARIO ROLDAN (ALESTIS)
jokin sagarzazu
2020ko abuztuaren 25a
12:30
Entzun

Aeronautika sektoreko Alestisek enplegu erregulazio espediente bat iragarri du, eta, horrekin batera, kaleratzeak. Enpresak dituen lantegi guztiei eragingo die neurriak. Guztira 1.300 langile ditu, horietatik 187 Euskal Herrian, Gasteizko Miñao parke teknologikoan.

Zuzendaritzak ez du jakinarazi zenbat behargin kaleratuko dituen. Gutun baten bidez langileen ordezkari sindikalei jakinarazi die erregulazio espedientea abiatuko duela, eta elkarrizketak hasiko dituela haiekin, neurria nola ezarri aztertzeko.

Enpresak argudiatu du aire trafikoa murriztearen ondorioz airelineek eskaera asko atzeratu eta bertan behera utzi dituztela, eta, ondorioz, fabrikatzaile nagusiek nabarmen murriztu dituztela lan kargak, eta horrek sektoreko hornidura kate osoari eragin diola. Enpresak azpimarratu duenez, datozen urteetako aurreikuspenetara egokitzea izango du helburu, «konpainiak luzaroan irautea bermatzeko».

Alestisek hegazkinentzako egiturak egiten ditu, eta lehen mailako hornitzaile kategoria du (Tier-1); besteak beste, Airbus, Boeing eta Embraer konpainientzat aritzen da. 2019an, Aciturrik erosi zuen (%76 berea du); ordura arte, Airbus zen akziodun nagusia.

Herenegun, Aciturrik erregulazio espediente bat aurkeztuko duela jakinarazi zuen. Guztira, 3.000 langile ditu; horietatik 423 Berantevillan (Araba) eta Miranda Ebron (Espainia).

Sektore osoa krisian

Bi enpresa horiei batu behar zaizkie Berantevillan ere egoitza duen Aernnovak uztail amaieran iragarritako kaleratzeak. Euskal Herrian sektoreko beste bi enpresa handik ere jakinarazi dute antzeko neurriak hartuko dituztela: Bizkaiko ITP Aerok eta Lapurdiko Lauak.

Hegazkingintzak indar handia hartu du azken urteetan, Araban eta Bizkaian nagusiki. ITP Aero, Aernnova, Aratz, Alestis, Sener, Aciturri eta beste 50 talde biltzen dituen Hegan klusterreko enpresek 5.000 langile dituzte Hego Euskal Herrian, eta beste 10.000 kanpoan. Apirilean ohartarazi zutenez, krisiak luzarorako kalteak eragingo ditu sektorean. Airbus da haien bezero nagusietako bat, eta heren bat txikitu du ekoizpena, eskarira egokitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.