Balantze eta aurreikuspenen hilabetea izaten da urtarrila ekonomian. Aste honetan bertan, Gipuzkoan, hiru erakundek eman dituzte 2009rako espero dituzten datuak. Asteazkenean, Gipuzkoako Merkataritza Ganberak %0,2ko igoera iragarri zuen; ostegunean, Diputazioak %0,5ekoa. Eta atzo, Adegik panorama askoz beltzagoa izango dela adierazi zuen. Hazkunderako inolako aukerarik ez du ikusten, eta enpresen %47k langileak kaleratuko dituztela esan zuen.
Hirurehun enpresa ingurutan egindako galdeketaren emaitzak jakinarazi zituzten Eduardo Zubiaurre patronaleko presidenteak, Jose Miguel Aiertza idazkari nagusiak eta Patxi Sasigain berrikuntza eta lehiakortasunerako koordinatzaileak.
«Kritikoa» hitzarekin laburbildu zuten egoera ekonomikoa. Hala esan zuen Zubiaurrek: «Inkesta honetaz ditugun erregistro historikoetan, egungo egoerarekin alderatu dezakegun bakarra 1992-1993 biurtekoan gertatu da, eta aldagai batzuetan, jaitsierek aurretik izandako atzeraldi guztiak gainditzen dituzte».
Zubiaurrek ez zuen zehaztu nahi izan zenbateko hazkunde negatiboa izango den, egoera egunez egun aldatzen ari delako.Horregatik, ekonomia noiz suspertuko den ere ez zekiela gaineratu zuen. Eustatek, INEMek eta INEk ematen dituzten datuen arteko diferentzia dela eta, ez zuen esan langabezia tasa zenbateraino helduko den ere. Baina Gipuzkoako patronalaren arabera, enpresen %70ek eskaera gutxi edo oso gutxi dituzte. Beraz, posible da langabezia tasak lau puntuko gorakada izatea.
Zubiaurrek, baina, argi azaldu zuen zer egin behar den krisia gainditzeko. Alde batetik elkarrizketa eta itun sozialak eskatu zituen. «Sindikatuek bat egin behar dute Gipuzkoako herritarrak, enpresak eta administrazioak egiten ari diren ahaleginarekin».
Era berean, enpresen malgutasuna eta lehiakortasuna hobetzeko egitura erreformak egin behar direla azaldu zuen. Besteak beste, langileak kontratatzeak duen kostua murriztea nahi du. Krisiak berdin-berdin jo arren gainerako herrialdeak enpleguari hobeto eusten ari direla azaldu zuen, «malgutasun handiagoa dutelako».Administrazioari ere egin zion eskaera patronalak. Langileek Gizarte Segurantzari ordaintzen dizkioten kotizazioak jaistea nahi du.
«Bainarik ez»Gipuzkoan
Krisiari buruz hitz egitean, euskal erakundeetako ordezkariek --batez ere Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoek--esaldi bat behin eta berriro erabili dute: «Baina gure egoera besteena baino hobea da etxeko lanak ondo egin ditugulako». Horregatik, bitxia izan zen atzo justu kontrakoa entzutea. Garbi esan zuen Sasigainek. «Gipuzkoan inguruko ekonomietan baino azkarragoa eta gogorragoa izango da industriaren jaitsiera». Alegia, Europako Batasunean eta Araban eta Bizkaian baino motelago ibiliko dela ekonomia herrialdean. Espainiako datuak soilik hobetuko ditu.
Zergatia azaltzeko Adegiko arduradunek esan zuten krisiak industriari gehiago eragingo diola zerbitzuei baino, eta sektore horrek Gipuzkoan duen pisuarengatik sartuko dela atzeraldian. Eta Bizkaia eta Araba zergatik ez? Haietan energia berriztagarrien eta aeronautikaren sektorea garatuago daudelako, hain zuzen ere krisiak gutxien astinduko dituen arloak.
Hala, Adegik bai enpresaburuei eta bai herritarrei eskatu zien etorkizunari konfiantzarekin begiratzeko. «Krisi egoerak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatzen jakin behar dugu, sektore berriak jorratzen dituzten Gipuzkoako enpresek egiten duten bezala». Besteak beste, I+G+b arloan inbertitzeko eskatu zien enpresaburuei.
Kaleratzeak izango dira Gipuzkoako enpresen %47an
Diputazioak eta Merkataritza Ganberak baino aurreikuspen okerragoak egin ditu Adegik 2009rako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu