Ekonomia

Kaleratzeen kalte-ordainak ordaintzeko dirurik ez duela esan die Gallardok Azpeitiko Corrugadoseko langileei

Gaur bertan bota nahi zituen 76 langile. Agiriak sinatzera joateko agindu zuten, eta joandakoan jakinarazi die dirurik ez duela eta oraingoz enpresan jarraituko dutela.

Miren Garate.
2013ko ekainaren 18a
18:13
Entzun

Askotan salatu dute Corrugadoseko langileek Gallardo taldea eurekin jolasean ari dela. Gaurkoa beste adibide bat dela diote. 76 langile gaur bertan kaleratu nahi zituen, eta lantegira joateko agindu zien, agiriak sinatzera. Joan dira, baina enpresaren bitartekari lanak egiten dituenak esan die enpresak ez duela dirurik kalte-ordainak pagatzeko. Legearen arabera, ordaina pagatu behar da kaleratzea gauzatzeko. Hala, 76 lagun horiek oraindik enpresan jarraituko dute. Gallardoren jarrerarekin oso haserre agertu dira langileak, eta “seriotasuna” eskatu die.

Azpeitiko lantegia itxi eta 278 langile kaleratzeko asmoa du Gallardok, eta Lasaoko Corrugadosen ere 68 lagunetik 38 bota nahi ditu. Erregulazio espedientea negoziatzeko epea akordiorik gabe amaitu zen. Enpresak aukera eman zien langileei euren kabuz alde egiteko. Lan egindako egun bakoitzeko 30 eguneko ordaina proposatu zien, hemezortzi hilabeteko gehienezko mugarekin. Ostiralean bukatu zen izena emateko epea, eta zortzi lagunek soilik eman zuten. “Zirriborro bat soilik aurkeztu du enpresak; ez du jartzen kaleratu ostean langabezia kobratzeko aukerarik izango den ere”, azaldu dute.

Erankunde publikoen babes falta ere salatu dute. “Ez ditugu ondoan ikusten une larri hauetan”. Eusko Jaurlaritzari Gallardo Taldeari emandako 5 milioi euroak berreskuratzeko eskatu diote, eta Gipuzkoako Diputazioari, BEZaren 2 milioiko ordainketa berehala exijitzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.