Mugikortasunaren elektrifikazioaren hodeira igotzeko beste urrats bat egin du Irizar Taldeak. Duela urte batzuk hasitako autobus elektrikoen produkzioari, kamioiena gehitu dio. Seriean ekoizten hasiko da berak diseinatutako modeloa, eta horretarako bazkide ezin aproposagoa topatu du: FCC Espainiako eraikuntza eta zerbitzu enpresa handia. Harekin batera lehenengo hamar unitateak egingo ditu. Elkarlan horren bidez, Ormaiztegiko kooperatibak (Gipuzkoa) oinarria jarri nahi du kamioi elektrikoen produkzioan hazten jarraitzeko.
Gaur-gaurkoz, modelo bakarra dauka taldeak: Irizar Ie Urban Truck deiturikoa. Hirian eta hiri inguruneetan jarduteko egina dago; bereziki, hiri hondakinak biltzeko eta garbiketa lanak egiteko. Hain justu, FCC enpresaren lan esparru nagusietako bat da hori. Hego Euskal Herriko lau hiriburuentzat dihardu, eta Iberiar penintsulako 5.000tik gora udal eta mankomunitateentzat.
Irizarrek uste du ibilgailu elektrikoena bizkor haziko den sektorea dela, gero eta erakunde gehiagok mugak jartzen dizkietelako gasolina eta diesel motordun ibilgailuei hiriguneetan sartzeko. Hirietako zerbitzuetan ere (garraioan, garbiketan, segurtasunean...) ari dira erregai fosilak erabiltzen dituztenak hibrido edo elektrikoengatik ordezkatzen, eta datozen urteetan instituzio publikoek inbertsio handiak aurreikusi dituzte horretarako.
Irizarrek egingo dituen lehen hamar unitateak garbiketa zerbitzuetarako izango dira, baina modelo hori ez du horretara mugatzea nahi. Industriarako ere baliagarria izan daiteke: hemezortzi tona inguruko gaitasuna du, eta kamioiak ahalbidetzen du gaur egun existitzen diren karrozeria guztiak instalatzea, ia-ia egokitzapenik egin gabe.
Irizar Ie Urban Trucken lehen prototipoa 2019an aurkeztu zuten, eta hainbat sari lortu ditu. Irizarrek bi urtetan merkaturatzea lortu du, baina ez da hutsetik hasi. Autobus elektrikoen aurrean hamar urte daramatza ia, eta horiek egiteko garatutako teknologia bera erabili du: motor elektriko berdina du, ioi litiozko bateriekin. Lanegun luzeetarako egokia izan dadin, GNK gasa ere erabil dezakeen motorra jar daiteke, baina egingo dituen lehen hamar unitateetatik guztiak %100 elektrikoak izango dira.
Oso isila denez, gauez lan egiteko oso egokia dela azpimarratu du konpainiak, eta gaineratu du antzeko lanak egiteko erabiltzen diren ibilgailu arruntek baino zarata gutxiago ateratzen dutela, CO2 gutxiago igortzen dutela, eta energia kontsumoa erdira murrizten dutela. Lehen seriean bi tamainako unitateak egingo ditu: bi eta hiru ardatzekoak, 4x2 eta 6x2 bertsiokoak. Irizarren arabera, kamioiaren beste ezaugarri bat da kabinarako igotzeko sarbidea «egun merkatuan daudenetan baxuena» duela, eta horrek langileen lana errazten duela, eta segurtasuna handitu.
Baina Irizarrek bereziki nabarmendu nahi izan du berak oso-osorik ekoiztutako kamioia izango dela. Taldeko enpresek garatutako teknologia propioa izango du trakzio elektrikoari, energia biltegiratzeari eta kontrolerako elektronikari dagokienez.
Adunako fabrikatik (Gipuzkoa) aterako dira guztiak. Irizarren E-mobility adarrak 2018ko maiatzean han inauguratu zuen lantegitik. 18.000 metro koadro ditu eta 3.000 inguru erabiliko dituzte kamioiak egiteko. Lantegiaren beste zatia autobus elektrikoentzat da, hiri barruko bidaietara begira egindakoak. Izan ere, markaren ohiko autobusentzat Ormaiztegiko egoitza erabiltzen dute, diesel motorra dutenentzat, hiri arteko bidaietarako erabiltzen direnak.
Etorkizun handia
Hori du, gaur egun, bere produkzioaren muina, baina etorkizun handia iragarri dio Irizarrek ibilgailu elektrikoen sektoreari. Kamioia da Gipuzkoako enpresaren azken apustua, baina autobusetan hasi zen, duela hamarkada bat, eta dirutza jarri du. Gaur egun osagai guztiak berak diseinatzeko eta ekoizteko gai da, eta horrek hornitzaileen menpekotasunetik askatzen du, neurri handi batean.
Adunako lantegian 200 langile inguru ditu, eta halako bi izatea espero du; egunean autobus bat ekoiztera iritsi dira. Lehen autobus elektrikoa Ormaiztegin egin zuten, 2014n, Donostibusentzat. Euskal Herrian kontratu mardulak lortu ditu, besteak beste, Euskal Elkargoarekin Baiona-Angelu-Miarritz zerbitzurako, eta Bilbon eta Iruñean ere badabiltza Irizarren autobus elektrikoak. Espainia, Frantzia eta Erresuma Batua ditu beren merkatu nagusiak, eta Alemania, Italia, Suedia eta Beneluxeko hiru herrialdeetako ateak ere zabaltzen hasia da.
Taldea zazpi enpresak osatzen dute, eta 3.500 langile inguru ditu, laurden bat inguru kooperatibistak. Hamahiru lantegi ditu: Brasildik Amerikako merkatua hornitzen dute, Mexikotik herrialdea bera, eta Euskal Herritik eta Marokotik Europa batez ere.
Irizar da autobus ekoizle nagusiena Euskal Herrian, baina ez da elektrikoen aldeko apustua egin duen enpresa bakarra. Beste gipuzkoar bat, Beasaingo CAF ere sartu da alor horretan. Lehenik, Vectia enpresa sortu zuen, 2013an, eta 2018an arlo horren aldeko apustua biderkatu zuen, Europako liderra erosita, Poloniako Solaris