Ekonomia

Kamioien kartelak kalte egindako 175 garraiolariren salaketak tramitatu ditu Hiruk

1997tik 2011ra bitartean puztutako prezioetan erositako 280 ibilgailuren gainekoak dira erreklamazioak.

Kamioi ilara, Belaten (Nafarroa), artxiboko irudian. JAGOBA MANTEROLA
Jon Fernandez.
2018ko urtarrilaren 5a
13:34
Entzun

Europako Batzordeak 2016ko udan jarri zion isun ekonomikoa kontinenteko kamioien kartelari, eta haren kaltetuak oraintxe dabiltza kalte-ordainak eskatzen. Ia 3.000 milioi euroko isuna ezarri zien Bruselak Europako kamioigile nagusiei, hamalau urtez euren ibilgailuen prezioak adosten ibiltzeagatik. Ibilgailuen prezioak modu koordinatuan puztu zituzten 1997tik 2011ra bitartean, eta gainkostu hori berreskuratu nahi dute orain Euskal Herriko hainbat garraiolarik. Hiru sindikatuak azaldu du 175 afiliaturen erreklamazioak tramitatu dituela, baina zehaztu du sindikatuarekin zerikusirik ez daukaten beste kamioilari askok ere egin dituztela izapideak euren kabuz.

Hiruk, guztira, 280 kamioiren gaineko erreklamazioak egin ditu, nahiz eta salaketa jarri duten kamioilariak 175 izan. Izan ere, kamioilari batzuek kamoi bat baino gehiago erosi zituzten hamalau urteko tartean, eta horietan guztietan oraindutako gainkostuak berreskuratu nahi dituzte orain.

Autonomoek zein garraio enpresek erreklamatu diezaiekete kamioi ekoizleei kalte-galeren ordaina. Eskaria onartuz gero, kalte-ordainarekin kamioiaren prezioaren %10 eta %16 artean berreskuratuko lukete garraiolariek. Gainera, erreklamazioa egin dezakete nahiz eta dagoeneko kamioia besteren bati saldua izan.

Erreklamazioak jartzeko epea 2018ko apirilaren 6an amaituko da, orduantxe beteko baita urtebete Europako Aldizkari Ofizialak Europako Batzordearen erabakia publikatu zuenetik.

Azken isuna, Scaniari

Europako Batzordeak 2016ko uztailean ezarri zizkien isunak kamioi ekoizle iruzurgileei: 1.008 milioiko eurokoa Daimlerri (Mercedes), 752 milioikoa DAFi, 670,5 milioikoa Volvo-Renaulti, eta 494,6 milioikoa, berriz, Ivecori. Isun horiek, izan behar zutena baino txikiagoak izan ziren: Bruselak %30 txikitu zituen ikerketan laguntzeagatik, eta beste %10 arau haustea onartzeagatik.

Bi marka libratu egin ziren, arrazoi ezberdinengatik: batetik, MAN (Volkswagen taldekoa), 2011an kartelaren berri eman zuelako, bera ere partaide izan arren; eta, bestetik, Scania suediarra (VW taldekoa hura ere), ez zuelako onartu isunaren bidez auzia ixtea. Scaniaren gaineko ikerketak, hortaz, urtebete gehiago iraun zuen, eta Europako Batzordeak, azkenean, joan den urrian zigortu zuen, 880 milioi euroko isunarekin.

Zigortutako kamioi ekoizleek azaldu zuten isunak ordaintzeak ez dietela eragingo euren kontuei, dagoeneko dirua baztertuta daukatelako isunetarako. Baina, horrez gain, kaltetuentzako kalte-ordainak ere pagatu beharko dituzte, eta ez da diru gutxi izango: EBn 600.000 garrai konpainia daude, eta urtero 200.000-300.000 kamioi saltzen dira. Gainera, iruzurgileek kontinenteko hamar kamioitik bederatzi ekoizten dituzte.

Kamioien salmenta prezioa puzteko bi trikimailau adostu zituzten karteleko kideek. Lehenik eta behin, kamioi ertainen eta pisutsuen oinarrizko prezioak (fabrikako prezioak, alegia) adosten zituzten: sei eta hamasei tona artekoak dira kamioi ertainak, eta sei tonatik gorakoak pisutsuak. Bigarrenik, emisio kutsakorren arloan ere iruzur egin zuten: emisioen kontrolerako teknologiak kamioietan noiz sartu koordinatzen zuten, teknologia gero eta zorrotzagoak eta, beraz, garestiagoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.