Kamioilari bat hil da Santurtziko portuko sarreran, ibilgailua iraulita

LABen arabera, 40 dira aurten lanean hildakoak, ostiralean beste bi behargin zendu zirelako Bizkaian

Erredakzioa
2009ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Harriak zeramatzan kamioi bat irauli egin zen atzo goizean Bilboko portuko sarreran, Santurtzin. Kamioilaria ibilgailuan harrapatuta geratu zen, eta, kostata bizirik ateratzea lortu bazuten ere, Gurutzetako ospitalean hil egin zen, zauriak oso larriak zirelako.

Istripua 11:40ak aldera gertatu zen, Ertzaintzak argitu ez dituen arrazoiak direla eta. Gidaria, kamioitik atera ezinik geratu zen eta, horrenbestez, suhiltzaileek esku hartu behar izan zuen salbamenduan, hiru ordu iraun baitzuen. Kamiolaria zauri larriak zituela eraman zuten Gurutzetako ospitalera, Barakaldora, baina haren bizitza salbatzeko ezin izan zuten ezer egin, eta ordu batzuk geroago hil egin zen.

Atzokoa ez da izan azken egunetako lan istripu bakarra. Izan ere, ostiralean Trapagaranen (Bizkaia) zamatze lanetan ari zela 54 urteko beste langile bat zendu zen.

Trapagaranen ere ezbeharra

LABek atzo jakinarazi zuenez, Balmasedako (Bizkaia) Dionisio Jimenez Rivero da zendutakoa eta Afutrans 2006 enpresan egiten zuen lan. 54 urteko langilea kamioitik erori eta edukiontzi mugikorraren eta kamioiaren hegalen artean atera ezinik geratu zen. Han hil zen, zanpatuta.

LABek ere jakinarazi duenez, ostiralean ere beste pertsona bat hil zen lanean ari zela. 57 urteko M.A.E.I. irakaslea Bilboko Gabriel Aresti eskolan zegoen beharrean.

Sindikatu horren datuen arabera, azken heriotza horiekin dagoeneko 40 dira urtea hasi zenetik Euskal Herrian lanean ari zirela hildako langileak ; hiru Araban, sei Gipuzkoan, hamar Nafarroan, 21 Bizkaian.

Azken lan istripuak salatzeko LABek kontzentrazioak deitu ditu. Gaur izango da lehenengoa Bilboko Rekalde plazan, Gabriel Aresti eskolaren aurrean, 19:00etan. Bihar, berriz, 13:00etan, Santurtziko udaletxearen pareanbilduko dira sindikatu horretako kideak eta, 19:30ean, Balmasedako San Seberino plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.