Garraiolariak

Kamioilarien greba "porrota" izaten ari dela esan du Gipuzkoako Aldundiak

Imanol Lasa foru bozeramaileak uste du lanuzteak "eragin eskasa" izan duela, eta "normaltasuna" dela nagusi.

Kamioi bat N-1 errepidean, Andoain parean, AT sistemaren arkua pasa ondoren. XABIER MARTIN
xabier martin
2018ko urtarrilaren 3a
15:10
Entzun

"Porrota izaten ari da" AT sistema N-I errepidean jartzearen kontra Espainiako garraiolariek egindako greba, Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera. Imanol Lasa foru diputatuak esan du “normaltasuna" dagoela herrialdeko errepideetan, eta deialdiak “eragin txikia” izan duela ibilgailu astunen zirkulazioan. Foru bozeramaileak jakinarazi du N-I errepidean joan-etorri kopuru "bera edo handiagoa" erregistratu zela atzo, joan den asteko datuekin alderatuz. Adierazi du, halaber, zaila dela "konparazioak" egitea urtarrileko lehen astea ez delako ohiko aste bat, Gabonak direla-eta, baina "normaltasuna" dela azken orduetako "ezaugarri nagusia".

Lasak ez du nahi izan grebaren jarraipen datuen inguruan iritzirik eman; lanuztera deitu dutenek %60ko erantzuna azpimarratu zuten atzo. Deialdia egin dutenen "greba-eskubidea" azpimarratu du, baina gaineraztuz  "adierazgarria" dela lanuztearen deialdia Madrildik egin izana. Gipuzkoako kamioilariak ez dira greba egiten ari, Guitrans patronala ez dagoelako ados "soilik Gupuzkoara mugatzearekin", eta Hiru sindikatuarentzat "berandu" iritsi delako deialdia.

Urtarrilaren 9an jarriko da martxan AT sistema, eta "ahalik eta modu eraginkorrenean egitea" espero du Aldundiak. "Ez dago atzera bueltarik", esan du Lasak; "adostasun politiko zabala dago Batzar Nagusietan sistema horren egokitasunaren inguruan, eta Europaren babesa dugu. Sistema modernoa, berritzailea eta jasangarria da, eta, modernizazioa sustatzeaz gain, N-I errepidearen mantentze eraginkorragoa lortzeko da". Gipuzkoa zeharkatzen duten kanpoko kamioiek, "joan-etorri guztien %60 baino gehiago", Gipuzkoako errepide nagusia mantentzen lagunduko dutela esan du.

Espainiako garraiolarien zazpi elkartek deitu dute grebara, eta guztira 12.000 kamiori eragiten die deialdiak. Gaur ere lanuzte eguna dute, eta baita bihar ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.