Eraikuntzako lan hitzarmena negoziatzen ari dira Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan. Gipuzkoakoa 2009ra arte zegoen adostuta; Nafarroa eta Arabakoa, 2010era arte; eta Bizkaikoa, aurten arte. Hitzarmen berri guztietan gauza bat eskatuko duela adierazi du LABek: «Derrigorrezkoa izatea probintzia osoko hitzarmenak betetzea eta horren ondorioak itunean bertan jasotzea».
Itunak bete daitezen, mobilizazio kanpaina bati ere ekingo diotela iragarri du Javi Amorrortu sindikatuko eraikuntza sektoreko arduradunak. Sarrera debekatuta lan honi ez dagokion hitzarmen orori izango da leloa, eta obretan esaldi hori daramaten kartelak jarriko dituzte. Amorrorturekin batera, lau herrialdeetako sektoreko arduradunek aurkeztu dute kanpaina. 2006az geroztik, sindikatuak hainbat aldiz salatu du eraikuntzako lan hitzarmenak ez zirela betetzen. Adibide gisa, bi langileri gertatutakoa kontatu du. Amorronturen esanetan, lan hitzarmenean jartzen duen soldata ordaindu die enpresak, araua betetzen duela erakusteko. Alabaina, gero soldataren zati bat itzultzeko eskatu diete langileei, sortutako kostuak argudiatuz.
Azken urteetan eraikuntzan izandako lanpostuen galera eta gizarteari egindako iruzurra «ikaragarriak» direla azaldu du. Arazoa «sektoretik haratago» doala iritzita, erakunde publikoekin bilerak egin dituzte LABeko ordezkariek. Eusko Jaurlaritzarekin, Gipuzkoako Diputazioarekin, Eudelekin eta Lan Ikuskaritzarekin bildu dira. «Arrazoia eman digute, arazoaren jakitun direla diote, baina oraingoz ez dugu ikusi neurri eraginkorrik». Dena den, bilerei esker «sentsibilizazio lan bat egitea» lortu dela esan du Amorrortuk.
Haren arabera, patronala bakarrik ari da geratzen, «bere eginahala urteotan izan dituen irabaziei eustea delako». Jesus Ruiz Gipuzkoako Ascongi patronaleko presidenteak egindako adierazpenak salatu ditu. Gipuzkoako obra guztietan hitzarmena betetzen dela esan zuen hark. LABen arabera, bakar batean ere ez da betetzen. Ruizek gaineratu zuen prezioak oso erasokorrak direla, eta ondorioz lehiakorrak diren azpikontrata espezializatuetara jotzera behartuta daudela. «Lotsagabekeria handia erakusten dute adierazpen horiek. Eurek sortu dute egoera hau, eta langileok nozitzen dugu. Orain, egoeraren erantzule egin nahi gaituzte sindikatuak eta erakundeak».
Kanpaina, eraikuntzako hitzarmenak bete daitezen
'Sarrera debekatuta lan honi ez dagokion hitzarmen orori' dioten kartelak ipiniko ditu LABek obretan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu