Krisialdi garaian, aparteko ezaugarriak eskaintzen dituzten produktuak sortzeko «ausardia» beharrezkoa dela ohartarazi zuen atzo Gonzalo Saenz de Samaniego Eusko Jaurlaritzako Arrantza sailburuak. Horregatik, Kantauri itsasoko hegaluzearen marka sortzeko elkartu diren Bizkaiko eta Gipuzkoako sei kontserba egileak txalotu zituen. Euskal Herriko Kantauri Itsasoko Hegaluzea marka berriarekin merkaturatutako dituzte haien kontserba ontziak hemendik aurrera.
Hegaluzearen jatorria bermatuko du, besteak beste, markaberriak, iparreko hegaluzea «balizko izendapenarekin» saldutako guztiak ez direlako Kantauri Itsasoan harrapatutakoak, Jose Antonio Agirreoa Euskal Kostaldeko Artisau Kontserba Egileen elkarte berriko presidenteak esan zuenez.
Jatorria ez ezik, Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako ontziek harrapatutako arrainak bakarrik saltzen dituztela baieztatuko du izendapenak eta, Arrantza sailburuak zehaztu zuenez, itsasoari kalterik egiten ez dioten «ohiko» prozedurarekin hartutako arrainak direla.
Bizkaiko eta Gipuzkoako kontserba egileen sektorea, Saenz de Samaniegok azaldu zuenez, 25 enpresek eta 1.500 langilek osatzen dute. Horietatik, Ondarroa, Markina-Xemein, Berriatua, Zumaia eta Mutrikuko sei enpresen elkarlanetik sortu du Kantauriko hegaluzearen marka. Etorkizunari begira, gainerako enpresek egitasmoarekin bat egiteko aukera izango dutela argitu zuen Agirreoak, «nahi duten bezain pronto».
Eskulangintzako kontserba egileen elkartea sortzeko hasierako bileretan 18 enpresek hartu zuten parte eta, horietako asko erakartzea espero dute marka berria saltokietara eraman ondoren.
Antxoaren arrantza berriz baimendu ondoren, kontserba egileek antzeko sor-marka sustatuko dutela iragarri dute.
Hegaluzearen kanpaina txarra
Kantauriko hegaluzearen marka berriak zenbateko ekoizpenarekin abiatuko duten galdetuta, argibiderik ematerik ez zuen izan Agirreoak atzokoan, arrantzaleek «oso kanpaina txarra» izan dutelako. Beranduxeago baieztatu zuen Eugenio Elduaien Gipuzkoako Kofradietako presidenteak joan den astean itxitako hegaluzearen kanpaina azken bost urteetako txarrena izan dela.
Gipuzkoako baxurako ontziek 4.111 tona hegaluze porturatu dituzte aurtengo kanpainan eta 3,29 euroko batez besteko salneurrian saldu. Leandro Azkue Gipuzkoako Kofradien Federazioko idazkariaren arabera, harrapaketak %25 jaitsi dira iazko datuekin alderatuta eta diru sarrerak, bestetik, 2007an baino %20 txikiagoak izan dira.
Azkueren ustez, ez dago jaitsiera eragin duen aparteko arrazoirik, hegaluzearen harrapaketak «aldiak» dituelako eta duela urte bi inoiz oparoagoa izan zen kanpaina Gipuzkoan. Hala ere, «kezkatuta» begiratzen diote Gipuzkoako arrantzaleek 2008. urteari, erregaien «izugarrizko» garestitzeari antxoaren gaineko debekua eta hegaluzearen kanpaina txarra gehitu direlako.
Kantauriko hegaluzearen euskal marka sortu dute sei kontserba egilek
Hegaluzearen kanpaina azken bost urteetako txarrena izan da Gipuzkoako arrantzaleentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu