Espainiaren ahultasuna neurtzeko tresnak sobera ditu eskura bilatzen dituenak. Zor publikoak ordaindu behar duen interesaren eta arrisku sariaren bilakaerak azken egunotako titularrak bete ditu. Aski ezaguna da, bestalde, langabeziaren egoera gordina. Hori gutxi balitz bezala, beste fronte bat ireki zaio Mariano Raxoiren gobernuari: ordainketa-balantzaren azken datuetan islatu den kapital irteera.
Egoera ez da berria, eta, oraingoz, ez da hil ala bizikoa, baina Espainiarekin dagoen mesfidantza giroari buruzko kezkak areagotzen ditu. Espainiako Bankuak atzo argitaratutako emaitzen arabera, aurtengo lehen hiruhilekoan ia 100.000 milioi euro atera dira herrialdetik. Alegia, sartu baino diru gehiago ateratzen ari da gordailu, akzio, mailegu, bonu eta antzekoetatik.
Martxoko datua bereziki txarra da, eta bekainak altxarazten dituen horietakoa da. Hilabete horretan soilik 66.200 milioi euro atera dira. Kopuruak ez du parekorik iragan hurbilean. 2011 urte osoan, esaterako, kapital irteera 75.307 milioi eurokoa izan zen.
Aurreko urteetan ordainketa balantzeak positiboak izan ziren. Hala hasi zen 2011 urtea ere bai. Martxoa arte ia 21.000 milioi euro alde zituen balantzak. Egoerak okerrera egin zuen gero, eta uztailetik aurrera ekin zion diruak ateratzeari, etenik gabe. Harrezkero egondako kapital irteera guztiek 200.000 milioi euro zenbatzen dituzte.
Atzerrikoek eta bertakoek
2012. urtean, orain arte, soilik inbertsio zuzenak eutsi dio aldeko ekarpena egiteari. Emaitzarik txarrenak Espainiako Bankuak bestelako inbertsioen atalean sailkatzen dituen aktiboetan gertatu da. Gordailuak eta maileguak biltzen ditu, batez ere, eta hor 46.000 milioitik gorako galera izan da. Kasu horretan, atzerriko inbertitzaileek baino diru gehiago atera dituzte Espainiako erakundeek atzerrira (26.163 milioi).
Atzerriko diruaren ihesa nabarmenagoa da akzioetan eta zor publikoan. Espainiatik kanpoko inbertitzaileek 22.633 milioi euro atera zituzten herrialdetik martxoan. Urteko lehen hiruhilekoan 31.564 milioi dira, honezkero joan den urte guztian irten zen diruaren ia erdia. Kasu horretan desinbertsioen bideak epe luzeagoa izan du, 2010 eta 2011 urteetan ere emaitza negatiboak izan zituelako, Espainiako burtsak eta konpainiek atzerriko inbertitzaileen interesa geroz eta gutxiago erakartzen duten seinale. 2010 urtea hasi zenetik 133.000 milioi euro atera dituzte inbertitzaile horiek. Espainiako Bankuak emandako datuen arabera, 2011 urtearen amaieran oraindik ere 873.000 milioi euroko inbertsioak zituzten akzioetan, inbertsio funtsetan, eta, batez ere, zor publikoan.
Gordailu orokorretan ere jaitsiera adierazgarria adierazi zuen apirilean Europako Banku Zentralak. Partikularren, enpresen eta tokiko erakundeen gordailuak 31.500 milioi eurotan murriztu ziren hilabete horretan. Espainian eragile horiek zuten diruaren %1,9 zen. Gordailu guztiak aintzat hartuta, 41.000 milioi eurotan gutxitu ziren.
Eurogunea krisian
Kapital irteera bizkortu egin da Espainian, eta martxo arte 100.000 milioi atera dira
Akzioetan eta zorrean inbertitzeari utzi, eta atzerritarrek 31.000 milioi eraman dituzte lehen hiruhilekoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu