Kapital merkatuen giroa zuzenean probatu ahalko du gaur Portugalek. Gobernuak 750 eta 1.250 milioi euro bitarteko zor jaulkipena iragarri du gaurko, hiru eta hamar urte barru itzuli beharreko obligazioen bidez. Enkantearen emaitzan ikusiko da merkatuek Portugalen aurkako presioa arintzen duten, edo, aldiz, herrialdea nazioarteko erreskate bat eskatu beharreko bidean jartzen duten, Grezia eta Irlandaren atzetik.
Portugalen hamar urterako zor publikoaren errentagarritasunak %7a gainditu du azken egunotan, eta horren gainetik kontuak orekatu ahal izateko urtearen joanean behar duen finantzaketa era jasangarrian lortzea asko zailduko zaio. Gabonen ondotik kapital merkatuen presioa handitu da Portugalen aurka, baina Europako Batasunaren eta Nazioarteko Diru Funtsaren laguntza ez duela behar berretsi zuen atzo Jose Socratesek, Portugalgo lehen ministroak.
Portugalek salbamendua beharko duela dioten «zurrumurruak» kritikatu zituen Socratesek, eta defizita jaisteko bidean lortutako aurrerapausoak txalotu zituen. 2010. urtean Portugalen defizita %7,3 baino txikiagoa izango dela ziurtatu du gobernuak, aurreko urtean baino bi puntu gutxiago. Horri esker, 800 milioi euroren soberakinak eskura dituela ziurtatu zuen Socratesek. «Portugalek ahalegina egin zuen, eta lortu du», lehen ministroaren aburuz.
2011. urterako erronka defizit hori %4,6raino jaistea izango da. Herrialdearen finantzaketa beharrak aurten 18.000 eta 20.000 milioi euro bitartekoak izango dira, hala ere.
Atzeraldian berriro
Era berean, 2010. urteko hazkunde ekonomikoa aurreikusitakoa halako bi izango dela esan zuen Socratesek, %0,7tik %1,4ra. Haatik, austeritate neurrien ondorioak aurten jasango ditu Portugalek. Banku Zentralaren arabera, berriro ere atzeraldian eroriko da ekonomia, eta barne produktu gordina %1,3 gutxituko da.
Portugalen gaurko bonu salmenta errazagoa izan liteke azken bi egunetako gertaeren ondorioz. Alde batetik, Europako Banku Zentralak berriro ere susmopean dauden herrialdeen zor publikoa erosteari ekin dio, eta horrek lasaitasun mezua helarazi die merkatuei. Bestalde, Irlandako erreskatea finantzatzeko asmoz Europak salgai jarriko dituen bonuen %20 inguru —900 milioi euro baino gehiago— erosiko dituela iragarri zuen atzo Japoniak, nazioarteko konfiantza «indartzeko» helburuarekin.
Testuinguru horretan, sei hilabeterako obligazioak merkatura atera zituen atzo Greziak, eta espero baino merkeago saltzea lortu zuen. 1.950 milioi euroren balioa zuten altxor-bonuak saldu zituen, %4,9ko interes batekin. Joan den azaroan baino hamarren bat gehiago baino ez da izan; adituek %5,5 edo gehiago izango zela espero zuten.
Jaulkipenaren muga eguna uztailaren 15a da; bonuen heren bat nazioarteko bankuek erosi dute, eta beste guztia, greziarrek. Eskaera eskaintza baino 3,4 aldiz handiagoa izan da.
Datorren martxoan 15.000 milioi euro jasotzea espero du Greziak, NDFren bidez. Orotara, hiru urtez 110.000 milioi euroko laguntza jasoko du Greziak EBtik eta NDFtik. Trukean austeritate neurri gogorrak hartu behar izan ditu, eta herritarren haserrea handia izan da. Finantzaketa behar handiak ditu oraindik ere, eta 20.000 milioiko zorra salduko du aurten. Dagoeneko 330.000 milioi zor ditu, eta soilik interesetan 16.000 milioi ordaindu beharko ditu aurten, BPGaren %6.
Kapital merkatuen giroa probatuko du gaur Portugalen zor salmentak
Greziak 1.950 milioi euroko bonu jaulkipena espero baino merkeago saltzea lortu du, sei hileko epearekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu