Frantziak ez ditu karbono isuriak zergapetuko. Proiektuaren lehen bertsioa konstituzioaren kontrakotzat jo ostean, udarako prest behar zuen bertsio berrituak. Baina, azkenean bertan behera gelditu da horrenbeste hauts harrotu duen proiektua.
Igandeko hauteskundeetan Nicolas Sarkozy presidentearen alderdiak hartutako kolpearen ondotik etorri da berria. Baina, Francois Fillon lehen ministroak UMPko alderdikideei jakinarazi dienez, erabakiaren atzean beste arrazoi batzuk daude. Gisa horretako neurri bat Frantzian bakarrik ezartzeak herrialdeko enpresen lehiakortasunari kalte egingo liokeela uste du Fillonek. Beraz, egokiagotzat jo du Europa mailako akordio bat bultzatzea.
«Ez dizkiogu gure industriari betebeharrak ezarriko, aldi berean ingurumenari inolako errespeturik ez dioten herrialdeetatik gauzak inportatzea baimentzen badugu». Hala esan zuen joan den astean Sarkozyk Le Figaro egunkari frantziarrari emandako elkarrizketa batean. EBko kide guztiei ados jartzeko ahalegina egiteko ere eskatu zien. Luze gabe ezer hitzartzea zaila izango da, ordea, interes kontrajarriak baitituzte herrialdeek.
Karbono zerga ezartzeko proiektua bertan behera utzi du Frantziak
Europa guztian ezarri ezean, herrialdeko industriari kalte egingo liokeela azaldu du lehen ministroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu