Kargua hartu eta hiru urtera, Euskalteleko zuzendari izateari utziko dio Fernando Ojedak. Konpainiako barne boterearen berregituraketa prozesu baten ondorio da Ojedaren kargugabetzea, duela hiru urte piztutako tirabirei amaiera emango diena. Trilantic eta Investindustrial inbertsio funtsak akziodun gisa sartu izanak higatu ditu Euskalteleko barne gatazkak. Fernando Artetxek hartuko du Ojedaren lekukoa, euskal telekomunikazio konpainiarik handienaren administrazio kontseiluak aho batez hala erabakita. Alberto Garcia Erauzkinek presidentetzari eutsiko dio.
Ingeniari industriala da Artetxe, hamabi urtez Microsofteko zuzendaritzako kide izandakoa. 51 urte ditu, donostiarra da, eta hogei urteko esperientzia du teknologia multinazionaletan, Microsoftera iritsi aurretik Electronics Arts konpainiaren Espainiako eta Portugalgo zuzendari nagusia izan baitzen. Euskalteleko administrazio kontseiluaren arabera, Artetxe da "aproposena" enpresaren aro berria gidatzeko. "Profesional egokiena da ekonomia digitalaren erronkei behar bezala aurre egiteko eta orain arte telekomunikazio operadore izandakoa zerbitzu digitalen operadore bihurtzeko". Haren ikuspegi estrategikoa, lantaldean aritzeko ahalmena, lidergoa eta teknologia berriei so lan egiteko gaitasuna nabarmendu ditu administrazio kontseiluak, ohar batean. Ekainaren 27ko akziodunen batzarraren oniritzia behar du Artetxek.
Inbertsio funtsen agerpena
Iazko burtsaratzeak eta akziodun berrien iritsierak azaleratu dituzte Euskalteleko arduradunen pitzadurak. Trilantic eta Investindustrial inbertsio funtsen agerpenak errotik aldatu zuen, 2012an, telekomunikazio konpainiaren egitura. Haien konfiantzazko kontseilariak izendatzeaz gain, zuzendaritza organoak berritzeko ere eskatu zuten, akziodun berriei (%49) lekua egiteko. Ingurumari horretan izendatu zuten Ojeda zuzendari, Garcia Erauzkin presidentearen bizkar. Inbertsio funtsek espresuki hautatu zuten Ojeda, eta horiek konpainia utzi ostean kendu dute Ojeda kargutik.
Garcia Erauzkinek karguan jarraitu bazuen ere, orduan galdutako boterea berreskuratzera dator oraingo kargugabetzea. Kutxabankek Euskalteleko akzioen zati bati saltzea erabaki zuen 2012an, eta boterea galdu zuen —akzioen %25 ditu orain—. Ojedarena ez da kargugabetze bakarra. Duela egun batzuk, 2013an haren eskutik konpainian sartu ziren eta sektorean eskarmentu handia duten atzerriko bi kontseilari kaleratu zituzten botere aldaketari bide emateko. Haien ordez, bi kontseilari independente izendatu dituzte gaur. ONO kable bidezko telefono konpainiako zuzendari izan ostean, Universal Pictures-eko buru izan zen Ojeda Euskalteleko zuzendaritzara heldu arte. Hiru urteko agintaldian, burtsan kotizatzen hasi da Euskaltel eta R Cable Galiziako kable bidezko telefono konpainia irentsi du.