Epaiketarik ez da izan, horren aurretik zigorraren gaineko akordioa lortu baitute aldeek. Fiskalaren arabera, irailaren 26an Iruñeko Alde Zaharrean zeuden hiru gazteak, hogeita hamar bat laguneko talde batean, eta Espainiako Poliziaren aurka "harriak, botilak eta objektu sendoak" jaurti zituzten. Hiru lagunetako biri, gainera, isuna jarri diete lesio falta bat egotzita: bakoitzak hogeita hamar egunez isuna ordaindu beharko du, hamar euro eguneko.
Atxilotutako beste lagun baten aurkako epaiketa izan da goizean, eta fiskalak bi urteko zigorra eskatu du harentzat, atentatu delituagatik. Fiskalaren arabera, Polizia hirurogei laguneko talde batera gerturatu zen Atarrabian, ustez bi banku erasotuak izan ondoren. Orduan, akusatuak aurre egin zien poliziei, "jarrera probokatzailea" erakutsiz.
Bere burua identifikatzeko eskatu ziotenean, ukatu eta "jarrera bera" mantendu zuela dio fiskalak, eta polizietako bati hankan belaunkada bat eman ziola. Akusatuak egozten zaizkion karguak ukatu egin ditu.
Guztira hamabost lagun atxilotu zituzten Nafarroan greba egunean; horietatik bederatzi adingabeak.
Pasa den astean hamabost lagunek Nafarroako Justizia Jauregian salatu zuten irailaren 26ko greba egunean eraso egin zietela. Espainiako Poliziaren eta Nafarroako Foruzaingoaren hainbat oldarralditan zauritu ziren, hain zuzen.
Parlamentuaren gaitzespena
Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak gaitzetsi egin ditu gaur greba egunean izandako istiluak. Bi adierazpen onartu dituzte; bata PPNk aurkeztutakoa eta bestea Ezkerrarena. PPNrenean Iruñeko greba eguneko "istilu larriak" gaitzesten dira; Ezkerraren adierazpenean, berriz, Parlamentuak grebarako eskubidea "aitortu eta errespetatu" egiten duela biltzen da.
Gainera, grebara deitzen dutenek eragindako kalteak bere gain har ditzaten, legedian aldaketak egitearen alde agertu dira UPN eta PPN; aurka bozkatu dute PSNk, NaBaik, Bilduk eta Ezkerrak. Patxi Zabaletarentzat "oso larria" da proposamen hori, greba orokor batean kalteak sor ditzaketelako deialdia egin ez dutenak, "kasu gehienetan" gertatzen den bezala.