Kartzela zigorra kontu publikoak faltsutzen dituztenei

Espainiako Ministro Kontseiluak onartu du Gizarte Segurantzari iruzur egiten diotenei zigorrak handitzea

Erredakzioa
2012ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak iruzurgileen aurkako zigorrak gogortzeari ekin dio: Gizarte Segurantzari iruzur egiten diotenentzat eta kontu publikoak faltsutzen dituztenentzat isun handiagoak ezarriko ditu, eta areagotuko egingo du kontuen gaineko kontrola. Hala onartu zuten atzo Ministro Kontseiluan, bi lege proiekturen bitartez. Gardentasun lege proiektuak berrikuntza nagusi bat dakar: aurrerantzean kontuak faltsutzen edo datuak ezkutatzen dituztenei kartzela zigorra ezarri ahalko diete —zigor hori urtebete eta lau urte artekoa izango da—. Espetxe zigorra ez ezik, inhabilitazioa ere jarriko zaie —urtebetetik hamar urte bitartekoa izan ahalko da—. Arau-hauste oso larrien kasuan, ordea, inhabilitazioa bizi guztiko izango da. Gardentasun legea Ministroen Kontseiluan onartuta, Gorteetara bidaliko dute.

Lege horren arabera, gainera, administrazio guztiek «gobernu onaren kodea» errespetatu beharko dute. Hasiera batean legeak Espainiako Ogasun ministroari ahalmena ematen zion Espainiako, erkidegoetako eta tokiko edozein administraziotako langileei zigorrak ezartzeko, baina, azken orduan egindako hainbat aldaketarekin, hori baliorik gabe geratzen da. Beraz, dagokion administrazioaren esku geratuko da erkidegoetako edo tokiko administrazioetako langileak zigortzea.

Zigor Kodearen erreforma ere onartu zuten atzo, eta, horren bitartez, Gizarte Segurantzari iruzur egiten dietenei zigorrak handituko dizkiete. Gehieneko zigorra bost urtetik sei urtera igoko da. Urte kopurua igo, eta,aldi berean, kartzela zigorra ezarri ahal izateko kopurua jaitsi. Erreforma egin aurretik, 120.000 euroko iruzurra eginda ezartzen zen kartzela zigorra; orain, berriz, 50.000 euro baino gehiagokoarekin jarri ahalko da. Delitua, gainera, ez da baliorik gabe geratuko hamar urte igaro arte.

BEZari arreta

Zigorren mailaketan ere egingo du aldaketarik gobernuak. Aurrerantzean arau-hauste oso larria izango da erregulazio espedienteren bat aurkeztu duen enpresak langileei lanera joan daitezen behartzea, izan kontratua etenda duten langileak edo lanaldi murriztu zaienak. Horrekin batera, ekonomia beltzaren gaineko ikuskaritza indartuko du Espainiak; bereziki, BEZaren inguruan izan daitekeen iruzurren gainean. Hala jakinarazi zuen atzo Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak. Haren arabera, 20.000 euro baino gehiagoko iruzurrak kriminalki jarraituko dituzte.

Saenz de Santamariak adierazi du onartutako neurri horiekin legea betearazi nahi dutela, baita herritarrek dituzten betebeharrekiko «arduratsu» joka dezaten ere. «Lanean aritu eta kalte-ordainak kobratzen aritzea ez da inoiz onargarria, baina are gutxiago gaur egun gauden egoeran».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.