Ekonomia

Katainenek dio Europaren etorkizuna merkatu digital bateratuan dagoela

Juncker plana aurkeztu du gaur goizean Europako Batzordearen presidenteordeak, Bilbon, “ekonomia biziberritzeko” aukera moduan.

Jyrki Katainen Europako Batzordearen presidenteordea hizketan ari zenean, protestak izan dira Euskalduna kanpoaldean. ARGAZKI PRESS
Lander Muñagorri Garmendia.
2015eko otsailaren 26a
17:18
Entzun

Austeritate politikek emaitza positiboak eman dituztela. Hori esatera etorri da Jyrki Katainen Europako Batzordearen presidenteordea Bilbora. “Espainiak egin dituen erreformak ardura nazional baten lekuko dira, eta, horren ondorioz, inbertsioak berriz ere hazten ari dira”. Kausa eta ondorioa marraztu du. “Merkatuak konfianta berreskuratzen ari dira, eta hortik ulertu behar da inbertsio horien arrazoia”. Europako Batzordeak, bere aldetik, ekimen pribatu eta publiko-pribatuak sustatzeko inbertsio plana jarri du martxan, eta hori aurkeztera etorri da Katainen Euskalduna jauregira, Elkarrizketak herritarrekin egitasmoaren harira. Elkarrizketa horretan, Europako etorkizuna merkatu digital bateratu baten itzalpean ikusi du. “Herrialde bakoitzak bere legedia du, eta hori aldatu behar da”. Merkatu digital bateratua 2017an martxan egon dadila onartu du Katainenek, baina denbora gehiago beharko duela onartuta.

Inbertsioen beste ildo bat energiaren ildoan jarri du, eta alde horretatik “Euskadik bere aukerak baliatu” behar dituela zehaztu du Iñigo Urkullu lehendakariak. “Europarekin lotzen gaituzten egitasmoak bultzatu behar dira, eta zentzu horretan garraiobide —Bilboko portua eta Euskal Y-a— zein energiako loturak sustatu behar dira”. Euskal Herria eta Frantzia lotuko lituzkeen bi konexiori buruz ari zen lehendakaria. Batetik, Espainiaren energia soberakinak Frantziara bidaltzeko itsasoz azpiko lotura, eta, bestetik, Pirinioak zeharkatuko lituzkeenak.

Gaur goizean inbertsio plan hori aurkezten hasi baino lehen, EH Bilduko legebiltzarkideek "Troika go home" ohiukatu dute, ikurrin bat eta Greziako bandera bat eskuan zutela. Protesta egin eta berehala atera dituzte ordezkari politikoak eta herritarrak bilduta zeuden aretotik.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.