EKONOMIA

Kataluniak 5.023 milioi euroko erreskatea eskatu dio Espainiari

Espainiako Gobernuaren Autonomien Likideziarako Funtsa baliatu nahi du horretarako. Francesc Hom Kataluniako Gobernuaren bozeramaileak agindu du trukean ez dutela "baldintza politikorik" onartuko, "diru hori Kataluniako herritarrena ere badelako".

2012ko abuztuaren 28a
16:20
Entzun

Kataluniako Gobernuak erreskatea eskatu dio, gaur eguerdian, Espainiako Gobernuari. Horretarako, Autonomien Likideziarako Funtseko 5.023 milioi euro galdegin ditu —18.000 milioi eurokoa da funtsa—. Francesc Hom Kataluniako Gobernuaren bozeramaileak esan duenez, "zor publikoari" eta "aurten amaituko diren hainbat zorri" aurre egiteko behar duten dirua da. Bien bitartean, likidezia arazoak izan ditzaketela onartu du.

Era berean, Homsek agindu du laguntza horren trukean ez dutela "inolako baldintza politikorik" onartuko, izan ere, "funts hori kataluniarrena ere badelako". Argi utzi nahi izan du horregatik jo duela Espainiara eta ez Europara: "Espainiari erreskatea eskatzea edo Europari eskatzea gauza desberdinak dira. Guk eskatu dugun dirua Kataluniako herritarrek ordaindu dute, baina Espainiako Gobernuak kudeatzen du. Europako kasuan dirua ez da espainiarrena, beste herrialde batzuena baizik".

Generalitateak 42.000 milioi euroko zorra du guztira —Kataluniako barne produktu gordinaren %20,7a—, eta horietako 5.755 milioiri datozen hilabeteetan egin beharko die aurre.

Artur Mas Kataluniako presidentea irailaren 20an bilduko da Mariano Raxoi Espainiako presidentearekin. Katalunia erreskatea eskatzen duen hirugarren erkidegoa da, Valentziak eskatu zuen lehenik, eta Murtziak ondoren. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.