30 urtetan Legazpiko Fundiciones Bereciartun (Legazpi) lan egin zuen. Galdategiko kutxak moldatzeaz gainera, mantentze lanak ere egiten zituen. Urte luzez parez pare lan egin zuen amiantoarekin. Zuntz hilgarriak estaltzen zuen galdategiko labea, 1996ra arte burdin-salda botatzeko erabiltzen ziren piezek amiantoa osagai zuten, eta burua estaltzen zion sabaiak ere bazuen. Euskal Herriko fabriketan barra-barra erabili den materiala da, eta gaur egun ere, edonon aurki daiteke.«Dena oso azkar gertatu zen», azaldu du Jose Marik, Jose Mari Calvo Marinen semeetako batek. «Arnasa hartu ezinik» hasi zen, eta Gizarte Segurantzak egoera aitortu aurretik hil zen. Osasuna kaskartzen hasi eta «lau hilabete baino gutxiago bizi izan zen». Bronkioekin kexu zelako, «katarroa zuela uste genuen», baina medikuek biriketako mesotelioma atzeman zioten aurrerago. Minbizia.
Medikuen aitzakiak
«Aitak bazekien amiantoarekin lan egiten zuela, baina aspaldi kendu zutela zioen». Semeak aitortu du horrelakorik gerta zitekeenik ez zitzaiela inoiz burutik pasa. Kexu da medikuekin. Amiantoa arnasteagatik gertatutako heriotza paperean idazteko zailtasun ugari jarri dituztela dio. «Biriketan harea zuela txostenetan zehazteko ere aitzakiatan aritu ziren. Eskerrak sindikatuak mugiarazi zituela, bestela ez lukete egingo».
Enpresak ez du sosik ordaindu oraindik. «Abokatuak esan digu oraindik ez direla ados jarri, eta litekeena dela kasua auzitara eramatea». Bere amak jasotzen duen pentsioa kaskartzen du horrek. «Enpresak dagokiona bere gain hartzen ez duenez, laneko gaixotasuna eta heriotza aitortu izan ez baliote bezala gaude».Dena dela, enpresari baizik, administrazioei egotzi die semeak bere aitaren gaixotasunaren eta heriotzaren ardura. «Segurtasuna bermatzeko enpresak ikuskatu behar dituzte, eta nik dakidala behintzat, aitaren enpresari ez diote espedienterik egin amiantoa dela eta».Jose Marirena ez da, baina, zuntz hori arnasteagatik Euskal Herrian gertatu den lehen lan heriotza. Arrazoi horretxegatik Sidenor nahiz Guardian konpainiak zigortu dituzte auzitegiek, besteak beste.«Isiltasun paktua» egin dela gaitzetsi du Jesus Uzkudun Euskadiko CCOOko Lan Osasuneko arduradunak. Enpresei, ikuskatzaileei eta Eusko Jaurlaritzari benetako egoeraren berri ematea komeni zaiela ukatu du, «kopuruak nabarmen hazten badira, gizartea larrituko delako». Salatu duenez, datuak agertzen ez badira, ez da ezertxo ere gertatzen. «Estatistiketan agertzen ez dena, ez da existitzen».Aurtengo udan Osalanek Calvo Marinen laneko heriotza eta gaixotasuna aitortu zituen. Arazoa mutua izan da. «Dokumentuak ez zituzten Lan Ordezkaritzara igorri hasieratik, bide horretan galdu egin ziren. Orain iritsi dira eta aintzat hartu dute».
Aurrena Osakidetzara, eta gero sindikatura
«Medikuek badakite hainbat gaiek minbizi mota zehatzak eragiten dituztela». Langileak sendagilearengana jotzen duenean litekeena da berak zein lan egiten duen galdetzea, «eta bestela, esan diezaiola berak, fabrikan lankide gehiago gaixotuta egon daitezkeelako. Etor dadila gero sindikatura».
Oso zuntz traidorea dela ohartarazi du. «Aste batekin nahikoa da gaixotzeko». Lanean erabiltzen diren jantziak hautsa izanez gero, etxera eraman eta familia osoak du gaixotzeko arriskua. Etxeko paretan, ur hodietan, autoetako balaztetan, zinemetan eta lantegietan aurki daiteke, besteak beste: «Edonon». Dena dela, Uzkudunek dio «geldirik» ez dela kaltegarria. Hego Euskal Herrian 2001. urteaz geroztik debekatuta dago erabiltzea eta saltzea, biriketako eta pleurako minbizia eragiten duela frogatu delako.Urte luzez lo egon ondoren, esna daiteke gaixotasuna. Europako Batasuneko Ingurumen Agentziak jakinarazi duenez, amiantoa arnasteagatik Europan 400.000 langile hilko dira 2035erako. Etzi hasiko den urtea Amiantoaren Urtea izendatzeak zer edo zer hobetzeko balioko du agian.
LAN ISTRIPUAK
Azaroa bitarte iaz baino 16 langile gehiago hil dira
Urtarriletik azarora bitartean gutxienez 106 langile hil dira Hego Euskal Herrian lanean ari zirela. Horrela jakinarazi dute Osalanek eta Nafarroako Lan Osasunaren Erakundeak. Zerbitzuetan eta nekazaritzan pixka bat behera egin dute langileen heriotzek, baina beste muturrean da eraikuntza, sektore horretan bikoiztu egin baitira ezbeharrak.
Bizkaian soilik gutxiago dira aurten zendutako langileak. 34 langilek bizia galdu dute berton, 14k Araban, 30ek Gipuzkoan eta 28k Nafarroan. Hain justu, azken horretan izan da igoera handiena, urtebete lehenago 17 behargin zendu baitziren, urte osoan.Larriei, arinei eta hilgarriei erreparatuz gero, %8,22 istripu gehiago izan dira. Nafarroan %2,1 jaitsi dira, baina gainontzekoetan gora egin dute nabarmen. %20,12ko hazkundearekin Araban gehien, %13,39 Gipuzkoan eta %6,73 Bizkaian. Lanera bidean izandako istripuek ere gora egin dute aurten (+%13,47), eta 33 langile zendu dira.