Industria

Kelvionek ez du itxiko Igorreko planta, baina langileen erdiarekin jarraituko du

Langileek bileran onartu dute multinazionalaren eskaintza. 73 langiletik 37ra igaroko da, eta lau urterako lana du ziurtatua.

Greban ari ziren Kelvioneko langile batzuk lantegiren aurrean. JAIZKI FONTANEDA
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko urtarrilaren 25a
15:47
Entzun

Kelvion Thermal Solutionsek Igorren (Bizkaia) duen plantak ez ditu ateak itxiko. Lantegiaren desagerpen ziurra zirudiena lantaldearen murrizketa bilakatu da. Izan ere, multinazionaleko buruek enpresa ez ixteko eskaintza egin dute, baina langile kopurua erdira murriztuz. Orain arte, 73 langilek ziharduten, eta, aurrerantzean, 37 jardungo dira. Trukean, enpresak lau urterako lana bermatuko luke. Azken hitza langileek izan dute, eta barne bozketa baten bitartez onartu dute eskaintza.
Kelvion Thermal Solutionsek iazko azaroan jakinarazi zuen Igorreko planta itxi nahi zuela, Espainian dituen beste bi lantokirekin batera, Santaderren eta Madrilen. Lan erregulazio espedientea eskatu, eta negoziazio prozesuaren ondoren langileen ordezkariak adosturiko kaleratzeak sinatu zituzten. Igorreko plantan ordezkaritza duten sindikatuek, LABek eta ELAk, ez zituzten kaleratzean onartu, baina, hiru lantokietako ordezkariek bat eginda bozkatu zenez, beste bi plantek zuten gehiengoa aski izan zen erabakia berresteko.
Igorreko langileek, baina, ez zuten emaitza hori onartu, eta abenduan ezagutarazitako ohar batean aurreratu zuten bide berriak urratzen jarraituko zutela. Aldi berean, ordura arte antolatua zuten greba bertan behera utzi zuten. Bide berri horien artean auzitara jotzekoa zegoen, eta lan ikuskaritzarengana jo zuten hiru planten ordezkaritza sistema ez zela bidezkoa salatzeko, baina ez zieten arrazoirik eman.
Auzibidearekin batera bulegoetakoarekin ere jarraitu zuten. Abendu hasieran, erregulazioaren negoziazio epearen azken txanpan, Igorreko plantako kudeatzailea zenak jardunarekin jarraitzeko eskaintza bat egin zuen, Alemaniako jabeen babesarekin eta langile kopuruaren murrizketarekin. Hasiera bateko eskaintzak «ez zirela serioak» salatu zuen langile batzordeak, baina bide posible bat egon zitekeela ikusi zuen.

Soldata murrizketa txikia
Oraingo eskaintza hortik iritsi da. Alemaniako zentralak Igorren egiten den jardunaren zati bat mantendu nahi du, eta, horretarako, aski du 37 langilerekin --bost mantenduko ditu Santanderren eta Madrilen--. Soldatetan ere murrizketa eragingo luke, %7 eta %10n bitartekoa, baina soldata oinarria ukitu gabe. Murrizketa horiek dirusari bereziei eragingo liekete. Trukean, lau urterako lana bermatua dute gutxienez.
Sindikatuetako kideak buru-belarri murgildu dira negoziazioan, baina ezin izan dituzte kaleratzeak eragotzi. Langileen ordezkaritzaren inguruko salaketan aurkako ebazpena jaso izana bizkarrekoa izan zen, berretsi egin baitzuen Kelvionek eskubide osoa zuela kaleratzeak egiteko. Aurreraturiko erretiroei dagokienez, hiruzpalau baino ez dira.
Azken hitza langileek izan dute. Eskaintza mahai gainean zegoen, eta haiek erabaki dute onartzea, bozketa bidez. Prozesuaren hasieran kaleratzeen aurka agertu ziren, eta jendaurrean salatu zuten deslokalizazio kasu bat zela. Igorren egiteko moduko hiru enkargu Poloniara desbideratu zirela jakin zuten, milioi bat euro ingururenak. Industriarako erradiadoreak egiten dituzte Kelvionen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.