Logroño (Errioxa, Espainia) eta Miranda Ebro (Gaztela eta Leon, Espainia) arteko abiadura handiko trenaren ibilbiderako aztertzen ari den lau aukerak joan den astean aurkeztu zituen Espainiako Sustapen Ministerioak. Lau ibilbide posible horietatik bik euskal lurrak igarotzen dituzte, zehazki Arabako Errioxako eskualdean.
ABRA Arabako Errioxako upategien elkarteak aukera horien inguruko erabateko kontrakotasuna agertu du gaur agiri batean. "Ibilbide horiek beharrezkoak diren ala ez eztabaidatzeari ekin gabe, ABRAk erabateko oposizioa azaldu nahi du, baita halako zerbait egiazko bihurtzeko aukerak sortzen dion kezka sakona ere".
Upategien elkarteak azpimarratu du eskualdeko ardogintza bizirik dagoen kultur ondare historikoa dela, babestu beharrekoa. "Ingurumenarentzat, gizartearentzat, ekonomiarentzat eta kulturarentzat ekarriko lituzkeen galerak hain handiak lirateke, ezagutzen ditugun eskualdea eta sektorea desagertu egingo lirateke. Gure erakundeei proposamenaren kontra elkarrekin agertzera eta lan egitera dei egiten diegu, pisuzko argudioekin ministerioak proposamenok bazter ditzan".
ABRAren ustez, "garrantzitsua da Arabako eta Euskal Herriko gizarteak haserrea agertzea gure lurraldeari egiten zaizkion halako erasoen aurrean, eta mobilizatzea. Batasunarekin lortuko dugu zentzutasuna nagusitzea".
Ibilbideetan merkeena
Sustapen Ministerioak proposatutako lau ibilbideen artean, Arabako Errioxa guztiz zeharkatzen duena da laburrena. 57 kilometro izango lituzke, horietatik 4,8 kilometro lur azpian, eta beste 7,2 zubibideetan. Lauen artean hori litzateke merkeena (710 milioi euro). Lapuebla de Labarca, Eltziego, Villabuena, Mañueta, Bastida, Buradon Gatzaga eta Zanbranako lurrak zeharkatuko lituzke.
Beste ibilbide batek Errioxako lurretan egingo lituzke lehen kilometroak, eta gero Bastidatik sartuko litzateke Arabako lurretan. 750 milioi euroko kostua izango luke.
Gainontzeko bi ibilbideek ez lukete Araba ukituko, trenbidea Ebroren hegoaldetik joango litzatekeelako. Bi horiek luzeagoak dira (65 eta 64 kilometro), baita garestiagoak ere (970 eta 890 milioi artean).