Argentinako pesoak ez du egun bakarrean horrelako beherakadarik izan 2002ko ekainaz geroztik. Joan den eguaztenean hartu zuen kolpe handia. Bat-batean, pesoak dolarraren aldean duen prezioa %12 jaitsi zen, AEBetako dolar bakoitzeko 7,13 pesora iristeraino. Baina ez da egun bateko kontu hutsa. Debaluazio betean dago Argentinako dirua azken hilabete eta urteetan, orain beherakadak abiada biziagoa hartu badu ere. 2013an, adibidez, %25 debaluatu zen diruaren prezioa.
Argentinako Gobernua bere tranpan hesituta geratu da, Argentinako Clarín kazetaren arabera. 2012ko lehen hilabeteetan ez zuen %1eko eta %1,5eko debaluazio erritmorik izaterik utzi. "Debaluazioarekin dirua irabazi nahi dutenek beste gobernu baten zain egon beharko dute", adierazi zuen Cristina Fernandez de Kirchner Argentinako presidenteak. Iazko urriko legebiltzarrerako hauteskundeak zeuden orduan jokoan, eta kanpaina pasatu arte pesoaren ahultzea eta dolarraren sendotzea atzeratu zuen gobernuak.
Diruaren merkatuak, nolanahi ere, Argentinako pesoa debaluatzeko joera erakutsi du azken urte eta hilabeteetan, eta hori saihesten ahalegindu da gobernua. Urtarrilean, esaterako, 1.000 milioi dolar galdu ditu Argentinako Banku Zentralak, merkatua hornitzeko eta dolarraren igoerari galga jartzeko. Merkatuak badaki biharamunean dolarrarekiko aldea handiagoa izango dela, eta horren arabera jokatzen du. Hau da, alde batetik, inportatzaileek eskariak azkartzen dituzte dolarra gehiago igo aurretik sartzeko herrialdera produktuak, eta esportatzaileak moteldu egiten dituzte, arrazoi beragatik.
Hauteskundeak pasatu ostean gobernuak estrategia aldatu du. Joan den eguaztenean Banku Zentralaren ezkutua kendu eta merkatuari bere kasa jarduten laga zion. Berehala etorri zen kolpea. Eguazten goizean dolarra 6,89 pesoan erosi, eta arratsaldean 7,13 pesoan erosi zituzten. Beherakada eteteko, Banku Zentralak bere erreserbako 120 milioi dolar saldu behar izan zituen, baina estrategia hori ez du luzaroan eskura izango Buenos Airesek, azken zazpi urteetan izandako mailarik apalenean baitago bankuaren erreserba, 30.000 milioi dolarretan.
Dolar ‘urdina’, garestiago
Merkatu beltzean, are garestiagoa da AEBetako dolar bat eskuratzea: joan den eguenean dolar baten truke 13 peso ordaintzera iritsi ziren, lehenengo aldiz 12 pesoko muga gaindituz. Diru beltzari urdina deitzen diote Argentinan, dolar blue hain zuzen. 2011n sortu zen diruren merkatu paraleloa, Fernandezen gobernuak ezarritako murrizketen ondorioz. 2011tik argentinarrek murrizketa handiak dituzte atzerriko dirua erosteko. Herrialdeak dituen atzerriko diru erreserbak kaltetuko lituzkeen dibisen ihes handia saihestea du helburu gobernuak. Asteon, izan ere, atzerriko erreserbek 200 milioi dolarreko beherakada izan dute, 29.500 milioiraino jaitsiz.
Aurreztaile txiki gehienek merkatu beltzera jotzen dute dibisak lortzeko, baina Jorge Capitanich Argentinako kabineteburuaren esanetan, dolar urdina «narkotrafikoari eta diru garbiketari lotuta dago».
Gobernuaren murrizketen ondorioz, esaterako, argentinarrek urtean soilik bi erosketa egin ditzakete atzerriko webguneetan. Eta urtean soilik 25 dolarreko operazioak egin ditzakete aduana zerga ordaindu barik. Baina pesoaren bat-bateko debaluazioaren ondorioz, gobernuak aldaketa batzuk iragarri ditu: bihartik aurrera dolarrak erosteko murrizketak txikituko ditu. Turismoari lotuta eskuratzen dituzten dibisengatik edo atzerrian kreditu txartelarekin egiten dituzten ordainketengatik pagatzen duten zerga %35etik %20ra jaitsiko du. Era berean, pesoaren debaluazioari galga jartzeko, dolarrak erosteko aukera emango die bihartik aurrera pertsona fisikoei ere, «deklaratutako kapital fluxuaren arabera».
Gobernuak behin eta berriz errepikatu du ez dagoela pesoaren debaluazioaren atzean. «Ez da izan estatuak sustatutako debaluazio bat, merkatuaren eskari askearen ondorioa baizik», Capitanichen esanetan. Dolar urdinaren kotizazioa publikatzen duten hedabideak ere gogor kritikatu ditu, merkatu beltza hauspotzen dutelakoan.
Ricardo Delgado Buenos Airesko ekonomistak Financial Times-i adierazi dioenez, «dilema bat» dauka Fernandezen gobernuak: «Atzerriko erreserben erorketa eten nahi du, baina horrek inportazio gutxiago eta hazkunde txikiagoa esan nahi du, eta Argentinako ekonomiak inportazioen menpekotasun handia du. Kontua zera da: hazkunde handiagoa ala atzerriko zor gehiago nahi ditu gobernuak?». Ez dago erantzun ofizialik.
Bitartean, 34 egunez agertu barik egon den Fernandez presidenteak agerraldia egin zuen eguaztenean, pesoaren hondoratzearen egunean. Lanik ez duten gazteentzako 1,5 milioi euroko diru laguntza bat iragarri zuen, baina ez zuen aipatu ere egin debaluazioa. Pesoaren hondoratzearen olatua ez da Ameriketan geratu, Espainiako Ibex 35ak %3,3ko galerak izan zituen atzo. Halere oraingoa ez da 2002koa. Orduan pesoa %70 erori zen; dolar batek peso bat balio izatetik, 3.265 peso balio izatera pasa zen.