Konfiantza ekonomikoak zera islatzen du: kontsumitzaileek eta enpresek unean uneko egoera ekonomikoari buruz zer iritzi daukaten, eta gerora begirako jarduera zelan ikusten duten. Ildo horretatik, indizearen gora- beherak neurtzen ditu Bruselak hilero-hilero, eta jakinarazi berri du azarotik behera doala konfiantza maila. Eurogunean 100,3 puntura jaitsi da adierazlea, eta EBn, berriz, 102,9ra. Konfiantza ekonomikoa oraindik 2003koa baino handiagoa dela oroitarazi dute adituek, baina sektore jakin batzuen «beheranzko joera argia» izan dute hizpide: zerbitzuek eragin dute motelaldia, hein handi batean.Izan ere, puntu bateko galera ekarri dio euroguneari, eta puntu bikoa EB osoari. Joan den urte hasierako maila bertsuan dago zerbitzuei dagokien adierazlea. Ezin izan du enpresen susmo txarra apaldu, ordea. Azpitik egokitu behar izan dituzte eskariekin lotutako aurreikuspenak eta beheraldia bereziki handia izan da herrialde ahaltsu bitan: hiruna puntu galdu dituzte Alemaniak eta Italiak. Gainera, industriari buruzko uste onak ahulagoak dira han eta hemen, Europa osoan. Konfiantza mailak puntu bat galdu du gune bietan, oraindik epe luzeko batez bestekoaren gainetik segitzen duen arren. Bruselak nabarmendu du esparru honetan ere gerora begirako eskariek eragin dutela jaitsiera.Aldiz, konfiantza mailak gora jo du handizkako ekoizpenetik haratagoko saltokien taldean. Bi eta hiru puntu gorago dago EBn eta eurogunean, hurrenez hurren. Merkatari txikiek uste baino salmenta handiagoak lortu dituzte Gabonetan eta itxaropentsu zeuden abendu bukaeran. Urtarrilean ere salmenta handiak espero dituzte, merkealdiarengatik akaso.Saltokiek ez ezik, eraikuntzakere sendo jarraitzen du. Goraka ari da 2003ko udazkenetik, azkeneko bi hiletan marka bera erdietsi arren.
Gora jo du enpresaburuen konfiantzak
Dena den, sektore batzuen hobekuntzak ezin izan du mozorrotu kontsumitzaileen konfiantza ekonomikoaren beherakada. Epe luzeko batez besteko mailara jaitsi da ostera ere, dirua aurrezteko zailtasunengatik. Harrigarria da, beraz, negozioetarako giroa datutan laburbiltzen duen adierazleak gora egin izana abenduan.
Euroguneko enpresaburuen konfiantza 0,05 puntu igo da, eta 0,43ra iritsi da, Europako Batzordeak atzo jakinarazi zuenez. Azaroan 0,38an zegoen enpresaburuen konfiantza maila eta, ildo horretatik, adituek uste dute orain arteko ekoizpenaren igoerak bermatu duela goranzko joera.
-
EUROPAKO BATASUNA
Kontsumoa «bare» geratuko dutela uste dute
Europako Batasuneko ekonomiak kontsumoaren laguntza behar du AEBekoaren erritmora hasteko, baina ez dirudi 2005. urtean hori gertatuko denik. Cetelem institutuak EBko 12 herrialdetan 8.000 lagunen artean egindako inkestak dio aurten kontsumoa «bare» geratuko dela, europar gehienek dirua aurrezteari emango baitiote lehentasuna. Cetelemen arabera, europar gehienek susmo txarrez ikusten dute etorkizuna: %37 «kezkaturik» daude, %11 «etsiturik» eta %9 «haserre». «Baikorrak» %33 dira, eta %4 «baikor porrokatuak». Beraien egoera pertsonalaren inguruan, berdinketa dago: %20k diote hobera egingo duela eta %19k okerrera.
Gehiago kontsumituko duten baikorren artean britainiarrak, espainiarrak, errusiarrak eta belgikarrak daude. Uzkurrenen artean, alemaniarrak eta frantziarrak. Italiarren artean dago paradoxa: ezkorren artean egon arren, gehiago kontsumituko dute.