Konpainiak, merkealdian

Jendea telefonoz hitz egitera bultzatu, eta urte osoan horri etekina atera nahi diote telefono operadoreek

Miren Garate.
2007ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Beherapenak iragartzen dituzte Euskal Herriko denda gehienek egunotan. Eta, telefono konpainiak ere ez dira libratzen. Euren arteko lehia gogorrak bultzatuta, orain arteko tarifak merkatzea erabaki dute. Izan ere, eguraldi onak ere badu eraginik enpresa horien irabazietan. Ez dira alferrik uda eta gabon sasoia bezeroektelefonoarekiko duten menpekotasuna areagotzeko arorik egokienak. Estrategia argia da: bezeroak telefonoz hitz egitera ohitzea, eta urte osoan joera horri eustea.

Eskaintzak, ordea, prezioen beherakada baino harago doaz. Izan ere, mugikorrekiko lilura sustatzeko, mugikorrak berak etengabe eraldatzen dituzte: MP3 formatua, Interneterako sarbidea, bideo deiak... Puntu-puntako teknologia biltzen dute askok. Hainbat konpainiak bezero berriei oparitu egingo dizkie telefono horiek.



EUSKALTEL. Udako Unika: Hitz egin 0 zent. / min-ren truke. Gisa horretan definitu du Euskaltelek bere udako promozioa. Telefono deia ezartzeagatik 15 zentimo kobratu, eta gainerako minutuak doan emango ditu. Gainera, telefono bat ere oparituko die konpainiak bezeroei, Nokia 5200, LG Chocolate edo Motorola K1 modelokoa. Alabaina, mugak ere baditu promozioak. Gutxieneko kontsumoa da horietako bat. Izan ere, linea mugikor berri bat kontratatzen dutenek hilean gutxieneko kopuru bat ordaindu beharko dute: 6 euro LG Chocolateren kasuan eta 15 euro Nokia 5200 eta Motorola K1ean kasuan. Era berean, bezero berriek hurrengo 18 hilabeteetan Euskaltelen jarraitzeko konpromisoa hartu beharko dute. Beste muga denborarena da. Izan ere,gehienez 1.000 minutuan hitz egin ahal izango da doan.



MOVISTAR.Telefono operadoreak Telefonicako mugikorretara egindako deiak ez ditu kobratuko asteburuetan. Abuztuan abantaila gehiago ere izango da. Izan ere, asteburuetan ez ezik, astegunetan ere 22:00etatik 10:00etara bitarteko deiak ordaindu beharrik ez da izango. Bideo deiak ere doakoak izango dira. Hala, gazteengan eragitea du helburu. Hori bai, promozio honetaz baliatu nahi dutenek alta emateko bost euroko tarifa ordaindu beharko dute. Bestalde, telefono berri bat nahi duten bezeroek Samsung SGH-Z170 bat eskuratzeko parada izango dute, sosik ordaindu gabe. Hirugarren belaunaldiko telefonoa da, 1,3 megapixeleko argazki kamera du, MP3 formatuarentzat euskarria eta memoria gehitzeko aukera ere ematen du.



VODAFONE. Egunero eta orduro.Vodafonek konpainiako kideen arteko deiak ez ditu kobratuko ekainaren 21etik irailaren 21a bitartean. Vodafonen alta ematen duten bezero berriek, portabilitatedunek eta kontratura aldatzen diren bezeroek izango dute promozio honetaz baliatzeko aukera. Era berean, MP3 formatuko 1.000 abesti oparituko ditu konpainiak, nahiz eta horretarako 6 euroko sarbide tarifa ordaindu beharkoden. Telefonoak ere ohi baino merkeago eskuratu ahal izango dituzte bezeroek. Samsung ZV60 bi megapixeleko argazki kamera duen modeloa doan emango dute. Nokia 6288agatik 49 euro ordaindu beharko dira. Eta, 900 abesti gordetzeko gai den Sony Ericsson W881i modeloak 88 euro balioko du.



ORANGE. Udan eguzkia ez da sartzen, zuk beti goza dezazun. Horrela aurkezten du Orangek Aftersun de Orange izeneko udako eskaintza. Deiak, bideo deiak, MMSaketa idatzizko mezuak batzen ditu promozioak; guztiak doan izango dira. Ordutegia: 19:00etatik 08:00etara. Alabaina, deia ezartzeagatik 15 zentimo kobratuko dituzte, eta zortzi euro ordaindu beharko dira promozioaren eskabidea egiteko. Gainerako operadoreek bezero berriak erakarri nahi badituzte, Orangek dituenak atxikitzeko ahalegina egitea erabaki du. Horregatik, konpainian 18 hilabete baino gehiago daramatzaten bezeroek abenduaren 21era arte izango dute eskaintza horretaz gozatzeko aukera. Gehienez ere, 50 Orange mugikorretara deitu ahal izango da hilean, eta dei bakoitzak 150 minutu baino laburragoa izan beharko du, hilean 1.000 minutuko mugarekin; 100 mezu baino gutxiago igorri ahal izango dira.



YOIGO.Yoigo izan da udan beherapenik eskaini ez duen operadore bakarra. Urte osoko tarifei eustea erabaki du: minutuko 12 zentimo edozein telefonotara egindako deiagatik; 10 zentimo idatzizko mezu bakoitzeko eta 30 zentimo multimedia mezuek. Aste honetan bertan iragarri dute Telefonica eta Yoigo konpainiek datozen bost urteotan azpiegiturak partekatuko dituztela. Bi aldeek adierazi dutenez, hain zuzen ere, akordioaren bidez kostuak gutxituko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.