Duela urte bi zendu zen Javier Castro, medikuek mesotelioma bat antzeman ziotenetik sei hilabetera. Diagnosiak «zalantzarako aukerarik ez» duela ematen zioen atzo Castroren seme Aitzolek. Bere aitak Bizkaiko Labe Garaietan lan egin zuen, metalgintzan, 60ko hamarkadan, amiantoarekin «inolako babesik gabe» lan egiten zuten garaian.
Lanak eragindako gaixotasuna zelakoan, familiak enpresaren aurkako salaketa jarri zuen. Atzo abiatu beharrekoa zen epaiketa; baina, Asviamie Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkartetik jakinarazi zutenez, urtarrilera arte atzeratu dute.
Asviamiek elkarretaratzea egin zuen Bilboko epaitegien aurrean, Amiantoa hiltzaile isila lelodun pankartaren atzean. Besteak beste, biktimentzako konpentsazio funtsa sortzeko eskatu zuten, enpresa askok desagertu direlako eta «familia askok nor salatu ez dutelako».
Biktimen elkarteko kideekin batera, Euskadiko CCOOko kideak izan ziren kontzentrazioan, Lan Osasuneko arduradun Jesus Uzkudun kasu. Izan ere, Javier Castro sindikatuko metalgintzako buruzagia izan zen.
Egungo «epidemia»
Amiantoarekin lan egin izanaren ondorioak pairatzen hasi dituzten euskal ontzioletako langile ohiak gero eta gehiago direla ohartarazi zuen atzo Euskadiko CCOOk. Uzkudunek, halaber, amiantoak eragindako gaixotasuna lan osasuneko erakundeenpartetik aitortzeko «lan handia egin behar» dela esan zuen.
Era berean, Europako Batasuneko herrialdeen ereduari jarraitzeko eta biktimei kalte-ordainetarako funtsa egin dezan eskatu zion Espainiako Gobernurari, «amiantoa delako gaurko epidemia, eta ez gripea».
Konpentsazio funtsa eskatu dute amiantoaren biktimentzat
Euskadiko CCOOko buruzagi ohi baten senideek Bizkaiko Labe Garaien kontra hasitako auzia atzeratu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu