Konstituzioa galdeketarik egin gabe aldatzeko bidea ireki du PSCk

Erreformaren aurkako mezua gogortu dute EAJk eta CiUk; CCOOk eta UGTk protestak iragarri dituzte

Erredakzioa
2011ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Espainiako Konstituzioaren aldaketa ez da galdeketa bidez berretsiko, ezusterik ezean. Kataluniako Sozialisten Alderdiak (PSC) ontzat jo du erreforma, eta ez du erreferenduma beharrezko ikusten. Defizita eta zor publikoa mugatzeko asmoz PSOEk eta PPk adostu duten moldaketak ez du ezinbestean galdeketarik behar, baina hala egin liteke Espainiako Kongresuko diputatuen edo senatarien %10ek eskatzen badute. Haatik, PSCren ezetzak kopuru horretara iristeko aukera urrundu du, eta, alderdien barnean ezadostasunik ez badago, ezinezko bihurtuko du erreferenduma.

Miquel Iceta PSCko bozeramaileak erreforma defendatu zuen atzo, eta testuak duen «malgutasuna» nabarmendu du babesa justifikatzeko. Galdeketari dagokionez, ez du beharrezko ikusten, Konstituzioan ezarritako muga ondoren Lege Organiko baten bidez arautuko delako.

Ezkerreko alderdiek eta PSOEko zenbait ordezkarik erreferenduma defendatu dute aldaketa proposatu zenetik. Atzo, erabiliko den bideak «zalantzak» sortzen dizkiola onartu zuen Carme Chacon Defentsa ministroak. «Badago erabaki politiko handietan parte hartze herritar handiagoa eskatzen duen eskaera soziala, arrazoi guztiarekin».

Gaur hasiko da erreformarentramitea. Espainiako Kongresuak sozialisten eta popularren proposamena aintzat hartzea eta premiaz eztabaidatzea bozkatuko du. Arazorik ez badago, astebetean onartzea posible da. Erreformaren helburua administrazio guztiak aurrekontu orekari eutsi behar izatea da. Konstituzioan ez da defizit kopuru zehatzik agertuko, baina BPGaren %0,4ra mugatzea adostu dute dagoenekoPSOEk eta PPk.

Alderdi eta erakunde abertzaleek moldaketa arbuiatu dute, batez ere Euskal Herrian eta Katalunian. Atzo, euskal erakundeen autogobernua «irmotasunez» defendatzeko exijitu zion Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak Patxi Lopez lehendakariari. PSOEren eta PPren asmoek ez dutela euskal berezitasunak kontuan hartzen kritikatu zuen Bilbaok. «Estatuaren eta euskal erakundeen artean akordioak egiteko lekua Kontzertuaren aldeko biko batzordea da».

Manifestazioak, prest

Josep Antoni Duran i Lleida CiUko bozeramaileak ere bere alderdiaren aurkako «erasotzat» jo du proposamena, eta Kataluniako autogobernua «urratzen» duela ohartarazi du.

Bestalde, erreformaren aurkako mobilizazioak iragarri dituzte UGTk eta CCOOk abuztuaren 31 eta irailaren 1erako. Halaber, manifestazio «handia» egin nahi dute Madrilen irailaren 6an. IUk bat egin du mobilizazio deialdiekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.