Gamesa. Berregituraketa

Kontrako haizearekin

Estatuak diru laguntzak murriztu eta araudia aldatu izana salatzen dute konpainiek kaleratzeak arrazoitzeko

Jon Fernandez.
2012ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Europa hegoaldeak «entxufea kendu die» energia berriztagarriei. Financial Times Deutschland Alemaniako egunkariak urte hasieran iragarri zuen, eta sektoreak batez ere Espainian eta Italian daukan etorkizun iluna nabarmendu zuen. Krisiaren aurretik diru laguntza publikoek hauspotuta abiada bizian hazitako sektorea maldan behera doa, Madrilek iturria ixtea erabaki zuenetik. Horrez gain, Mariano Raxoik zergak jarri nahi dizkie lehen aldiz energia berriztagarriei, argindarraren tarifaren defizita murrizteko xedearekin. Energia eolikoaren alorrean laugarren potentzia da Espainia, baina gobernuaren azken neurriek nazioarteko lidergo hori galtzera eroan dezakete, milaka lanpostu arriskuan jarrita.

Gobernua aztertzen ari den zerga berriak handiegiak direla salatu dute energia berriztagarrietako konpainiek. AEE Espainiako Enpresa Eolikoen Elkartearen arabera, gobernuaren asmoa betez gero, %40 gutxituko dira haize erroten instalazioak 2013tik aurrera.

Energia berriztagarrien konpainiek sari sistema batekin funtzionatzen dute. Hau da, enpresek elektrizitatea uzten diote sistemari, eta ordainetan, sari finko bat jasotzen dute denbora jakin batez. Gaur egun, 79 euro jasotzen dute megawatt (MW) orduko —86 euro dira Frantzian eta 92 Alemanian—. 2007ko lege dekretuak arautzen du hori, baina datorren abenduaren 31n iraungiko da. Espainiako Industria Ministerioa dekretu berri bat prestatzen ari da, baina konpainiak ez daude ados proposamenarekin, «ziurgabetasuna» eragiten dielako. Lege proiektuan jarritako %6ko zerga «aldi baterako» izateko eskatu du AEEk, eta tarifarendefizita konpondutakoan kentzea —azken hamarkadan 24.000 milioi euroren defizita pilatu du Espaini- ak—. Egoerak fabrikak ixtera eta langileak kaleratzera «behartuko» dituela salatu du AEEk.

Nabari dira dagoeneko arazoak. Urriaren hasieran iragarri zuen Vestas Wind Systems konpainia danimarkarrak Gaztela eta Leongo Olvega herriko planta itxiko duela eta 96 langile kaleratuko dituela. Munduko konpainia eoliko nagusia da Vestas, eta Espainiatik Txinara aldatu nahi du fabrikazioa. Era berean, Ciudad Realgo Daimiel herriko plantan ekoizpena jaitsiko du, eta hango 500 langileetatik 150 kolokan daude. Azaldu duenez, kostu finkoak gutxitu nahi ditu, «luzera begira lehiakortasuna irabazteko».

Nazioarteko merkatuak

Sektorearentzako «urterik zailena» 2013a izango dela uste du Dag Andresen Vestaseko finantza zuzendariak, eta aurtengo 2.335 kaleratzeez gain 2013an beste 1.400 lanpostu kenduko dituztela iragarri zuen udan, horien %20AEBetan. Espaniako egoera berezia dela gaineratu du konpainiak, sektorearen zailtasunei araudiaren ziurgabetasunak eta estatuaren egoera ekonomikoa gehitu behar zaielako. Aurten ez da sartu haize errotak egiteko eskakizun berririk: iaz 100 MWetik beherakoa izan zen eskaria; 2010ean, 220 MWetik beherakoa. Krisiaren aurreko urteetan, adibidez, 1.500 MWekoa zen batez bestekoa.

Energia eolikoarekin elektrizitatea sortzen duten potentzien artean laugarrena da Espainia. Iaz 62.364 MW sortzeko ahalmena zuen Txinak, 46.919 MW AEBek, 29.060 MW Alemaniak eta 21.674 MW Espainiak; Frantzia seigarren dago. Hala ere, haize errotek sortutako energiak Espainiako estatuko elektrizitate eskariaren %16,4 betetzen du, Txinan (%1,6), AEBetan (%2,9) eta Alemanian (%7,6) baino askoz gehiago.

Azken hamarkadan energia eolikoa munduko eskualde gehienetan hazi da, baina igoera ikusgarriena Asian izan da: 2003an 1.500 MW sortzeko ahalmena gehitu zuen; iaz, berriz, 21.000 MW. Tarte berean, gorakada handia izan da bai Europan eta bai AEBetan, baina ez hain ikusgarria. Latinoamerikan ere haziz doa sektorea, baina motelago. Espainian, urteroko hazkundea gorakoa izan zen 1999tik 2007ra bitartean, azken bost urteetan —krisia hasi zenez geroztik—, ordea, progresiboki behera egin du urtero sortutako MW kopuruak; batez ere, 2009tik aurrera.

Hain zuzen ere, Gamesa izan zen iaz Espainian haize errota gehien jarri zituena (461 MW; merkatuaren %44), eta Vestas bigarrena (207,4 MW; %20). Dena den, merkatu hori nabarmen txikitu zaio Gamesari. Nazioartekoa are nabarmenago hazi zaio, ordea. 2003an instalatu zituen 995 MWetatik %11 Espainian eta Hego Euskal Herrian jarri zituen, eta %89 nazioartean; iaz, berriz, 3.308 MW jarri zituen: horietatik %87 nazioartean, eta %13 estatuan. Espainian eta Hego Euskal Herrian lanpostuak murriztu nahi ditu, baina aurten planta berriak zabaldu ditu Brasilen eta Indian.

AEBetan ere, arazoak

AEBetan ere araudiaren ziurgabetasuna aipatzen dute konpainia eolikoek kaleratzeak arrazoitzeko. Alemaniako Siemensek jakinarazi du 600dik gora langile kaleratuko dituela AEBetan. Hau da, konpainiak herrialde horretan energia eolikoaren sektorean dituen langileen herenak baino gehiago. Azken bi urteetan sekulako gorakada izan du sektoreak AEBetan, diru laguntza publikoen politikei esker; baina urte amaieran iraungiko dira, eta ez dago argi bere horretan eutsiko dieten ala aldatu egingo dituzten. Ildo berean, AWEA Ameriketako Energia Eolikoaren Elkarteak ohartarazi du diru laguntza publikoen politikak luzatzen ez badituzte 37.000 lanpostu arriskuan egongo direla AEBetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.