Groucho eta Harpo Marx anaiek ondo baino hobeto islatu zuten lan kontratu askoren zentzugabekeria, A night at the opera filmean. «Lehen alderdiko alderdi kontratatzailea» aipatu zuen Grouchok. Zuri-beltzeko garaiak ziren, 1935. urtea zen, baina agerraldi gogoangarri horrek koloretako garaiotarako ere balio du.
Kasu askotan gaur egungo lan kontratuak zinema puska horretakoak bezain zentzugabeak dira.Errealitatea, ordea, askoz ere gordinagoa da. Erakunde publikoek ematen dituzten lanetan, obretan batez ere, lehen alderdi kontratatzaileak bigarrena kontratatzen du, bigarrenak hirugarrena, hirugarrenak laugarrena... Eta ondorioak langileak jasaten ditu: zenbat eta azpikontratazio gehiago, lan baldintza kaskarragoak. Nondik ateratzen dituzte etekinak, bestela, zerrendako kontratatzaile guztiek?
Administrazioak bi aldiz huts egiten du: alde batetik, berak ematen dituen lanetan ez ditu zehazten langileek izan beharreko lan baldintzak; bestetik, ez ditu lan baldintzak behar bezala kontrolatzen.
Azpikontratazioa eta kontrol falta ez da eraikuntza lan handietan bakarrik gertatzen. Atzo ezagutu genituen festetako eta ekitaldietarako agertokiak muntatzen dituen enpresa batean gertatutako gehiegikeriak. Kolore guztietako alderdiek agintzen duten herri eta hirietan lan egin dute. Zenbait ekitaldi disdiratsuren eta ezagunen itzalean: Donostiako Jazzaldia eta Zinemaldia, BECeko lan eskaintza publikoa...
Hilabetetan kontraturik gabe lan egin dute. Jaiegunetan. Goizetik gauera. Gizarte Segurantzan kotizatu gabe. Segurtasun neurririk gabe. 200 euroren truke. Hori bai, enpresaren uniformea jazteko eta «itxura txukuna» eskaintzeko obligazioarekin.
Garaia da «lehen alderdiko alderdi kontratatzaileak», Administrazioak, neurriak hartzeko.
Kontratatzaileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu