Lan baldintzak

Kontratu publikoen lan eskubideak eztabaidatuko ditu legebiltzarrak

Tramiterako onartu da ELAk bultzatu duen herri ekinaldi legegilea. Gutxieneko berme batzuk ezartzeko eskatzen du administrazioen adjudikazio guztietan.

Gasteizko Udaletxe berriaren eraikuntzako lan baldintzak salatzeko ELAren elkarretaratzea. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS
Ivan Santamaria.
2014ko ekainaren 26a
12:12
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazioek adjudikatzen dituzten kontratu guztietan gutxieneko lan baldintzak berma zitezen herri ekimen legegilea aurkeztu zuen ELA sindikatuak. Proposamenak 110.000 herritarren babesa eskuratu zuen, sinadura bidez, eta tramitera onartzea erabaki du Eusko Legebiltzarrak, gehiengo osoz. EH Bildu, PSE-EE eta UPD alderdietako legebiltzarkideek alde bozkatu dute, eta EAJko nahiz PPko ordezkariak abstenitu dira.

Ganberan eztabaidatua izateko lehen galbahea gaindituta, orain lan talde bat sortuko da, edukia aztertu eta zuzenketak proposatzeko.

Jatorriko lege proposamenak hiru helburu zituen. Lehenik eta behin, langile azpikontratatuei lanaren iraupena ziurtatzea esleipena beste enpresa bati emanez gero, "enplegurik ez suntsitzeko". Bigarrenik, gutxieneko lan baldintza batzuk legez ezartzea. Hain zuzen ere, sektore hitzarmenean finkatuta daudenak, edo, itunik ez balego, indarrean egon den azken itunaren parekoak. Azkenik, lege horrek isunak eta zigorrak arautuko lituzke aurreko baldintzak betetzen ez dituzten enpresentzat.

Eusko Legebiltzarrera iritsi baino lehen, Eusko Jaurlaritzak proposamenaren kontrako iritzia eman zuen. Iñigo Urkulluren gobernuak uste du eskaerak ez duela behar besteko segurtasun juridikorik, eta Gipuzkoako egoera aipatu du. Gipuzkoako Batzar Nagusiek 4/2013 Foru Araua onartu zuten, adjudikazio publikoetan klausula sozialak sartzeko. Haatik, Lehiaren Euskal Agintaritzak auzitara jo zuenarau horren aurka, lehia askea trabatzen duela iritzita. Auzia EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren eskuetan dago. Sakoneko edukia aztertu gabe, momentuz, behin behinean foru araua bertan behera uztea ez dute onartu epaileek.

Baldintzak bermatzeko beharra

Lege proposamena herri ekimen legegile batek egin duen arren, sustatzaileek ez dute edukia osoko bilkuran defendatzeko aukerarik. Eztabaidaren txandan soilik bi alderdik hartu dute hitza: EH Bildu eta PSE-EE. Bi alderdiek bat egin dute langileen egoera bermatzeko beharrarrekin. Azken aldian, esaterako, eraikuntza publikoari lotutako salaketa gordin ugari izan dira. Hala nola, San Mames Barrian, Gasteizko Salburua auzoko gizarte-etxean, edo Gasteizko Udaletxe berrian.

Bixen Itxaso PSEko legebiltzarkidearen ustez, erabat zilegi eta legezkoa da horrelako klausulak ezartzea kontratazio publikoetan, eta hori betearazteko "borondate politikoa" izatea exijitu dio Eusko Jaurlaritzari. "Ez dadila lege iruzurrik egon baldintzetan ziurtatu behar da", Itxasoren ustez.

Antzeko argudioak erabili ditu EH Bilduko ordezkariak, Belen Arrondok. "Gaia larria da, azpikontratetako langileen baldintzak daude jokoan, eta inoiz baino gehiago behar da legea". Jaurlaritzaren ezezkoari ere kritika zuzena egin dio: "Ez du interesik azpikontratetan dauden basakeriak bideratzeko eta eragozteko".

Bozketa aurretik ika-mika

EAJk, PPk eta UPDk ez dute eztabaidan hitza hartu nahi izan. Egoera ikusita, bozketari hasiera emateko prest zegoen Bakartxo Tejeria ganberako presidentea. Orduan ika-mika izan da. EH Bilduko Arrondok hitza eskatu du, eztabaidan parte-hartu ez izana beste alderdiei aurpegiratzeko. Hizketan ari zela Tejeriak moztu eta hitza kendu dio, izan ez diren hitzaldi batzuei ezin ziela erantzun argudiatuta.

Bozketaren ondoren bai, orduan hartu dute hiru alderdiek hitza, botoa azaltzeko txanda baliatuta. Txanda horretan ez dago erantzuteko edo eztabaidatzeko aukerarik. UPDk defendatu du legea tramitera onartzea, herri ekimen legegile batetik zetorrela nabarmenduta. Klausula sozialak egotea ona dela esan du Gorka Maneirok, baina zuzenketa "esanguratsuak" aurkeztuko dituela ere iragarri du.

EAJk eta PPk euren abstentzioa defendatu dute. Bi alderdiek tramitea ontzat jo dute, herritarrek bultzatu duten proposamena dela iritzita. Hori bai, biek zalantzan jarri dute ELAren ekimenaren legezkotasuna. EAJ klausula sozialak ezartzen "aitzindaria" izan zela aldarrikatu du Ana Otadui legebilzarkide jeltzaleak. Orain dela gutxi Bizkaiko Foru Aldundiak kontratu publikoetarako onartu zituen irizpideak ere defendatu ditu, "legea erabat betetzen dutenak".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.