Kontratuen erreforma, indarrean baina indargabetzeko aukerarekin

Parlamentuaren babesik lortzen ez badute, bertan behera geldituko dira enplegua sustatzeko neurriak

Erredakzioa
Donostia
2011ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Gaurtik indarrean dira langabezia jaitsi eta enplegua sustatzeko helburuarekin Espainiako Gobernuak iragan ostiralean onartu zituen «premiazko» neurriak; ikusteke dago, ordea, zenbat denborarako. Izan ere, neurri horiek jasotzen dituen dekretuak indarrean jarraituko badu, ezinbestekoa du Parlamentuaren babesa jasotzea, eta, gaur-gaurkoz, ez du zirtatua. Horrenbestez, Espainiako Gobernuak behar beste babes lortuko ez balu, bertan behera geratuko lirateke gaurtik indarrean diren neurriak, horien artean, prestakuntza kontratu berria etaaldi baterako kontratuak mugarik gabe kateatzeko aukera. Horrelakorik gertatzen den lehen aldia izango litzateke.

Kontrara, dekretuak Espainiako Parlamentuaren oniritzia jasotzen badu, enpresek aukera izango dute prestakuntzarik ez duten gazteak 30 urte bete arte prestakuntza eta ikasketa kontratuarekin edukitzeko, 2013ra arte. Gutxienez urtebeteko eta gehienez bi urteko kontratua izango da, beste urtebetez luzatzeko aukerarekin. Lanaldiaren %75 enpresan egingo dute eta %25 prestakuntza zentro batean eta soldata lan itunaren arabera jasoko dute.

Horrez gain, gaurtik eta datozen bi urteetarako, indargabetuta geldituko da aldi baterako kontratuak kateatzeko enpresaburuek duten muga. Orain arte, 30 hilabetetik 24tan enpresa berean aldi baterako kontratuekin lanean ari zirenei kontratu mugagabea egiteko betebeharra zuten.

Aldi baterako kontratuak kontratu mugagabea sustatzekoaak bihurtzeko epea ere luzeagoa izango da gaurtik aurrera. Kontratu horiek ohiko kontratu finkoek baino kalte-ordain txikiagoa dute kaleratzeen kasuan, 45 egunekoa beharrean 33koa lan egindako urte bakoitzeko.

Dekretu horrek jasotzen duen beste neurrietako bat, berriz, lagabezia saria amaitzen zaienei sei hilabetez 400 euroko laguntza ematea, indarrean da abuztuaren 16az geroztik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.