SAKELEKO TELEFONOAK

Kontsumitzaileak haserre bizian, deiak segundoka ez kobratzeko erabakiarekin

Hego Euskal Herrian, Euskaltelek soilik ez ditu erabiliko 3o segundoko tarteak deien kostua neurtzeko, kontratuko telefonoetan

IBAN OCIO / NORA ARBELBIDE
BILBO / BAIONA
2005eko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Herritarren ahotsa aspalditik da telefonia konpainien pagotxa, eta merkatua liberalizatuz geroztik, sakelako telefonoak dituzte negoziorik kutunena. Bazirudien deien eta sms mezuen prezioa merkatzen ari zela, erabilera hedatu ahala. Ilusio faltsua. Hego Euskal Herrian, 30 segundoko tarteka kobratzen ari da Vodafone, eta Movistarrek gauza bera egingo du irailaren 1etik aurrera.

Hau da, deiaren ezarpen kostua (12 euro zentimo inguru) eta lehenengo minutua osorik pagatzen jarraituko dute erabiltzaileek. Kontu zaharra. Aldatu dena lehenengo minututik aurrerako tarifa sistema da.Segundoka kobratzeari utziko dio Movistarrek, Vodafonek legez. Erabiltzaileak diru bera pagatuko du minutu bat eta segundo bateko dei batengatik, eta minutu bat eta 30 segundoko beste batengatik. Edo minutu bat eta 31 segundoko deiengatik, eta minutu bikoengatik. Eta horrela beti. Euskaltel da hurrengo astetik aurrera segundoka kobratzen segituko duen konpainia bakarra. Ez kasu guztietan, nolanahi ere: Ipar Euskal Herrira edota atzerrira (Espainiara ezik) deitzerakoan, 30 segundokoak dira tarteak. Eta beste horrenbeste aurrez pagatutako txartelen bidezko telefono deietan. Movistarren eta Vodafonen bidetik doa.

Epaitegietara jo dute kontsumitzaileen elkarteek

Negozio itzela baita tarteak zabaltzearena. Iaz, Espainian, telefonia konpainiek 1.385 milioi euro eskuratu zituzten tarifen biribiltzetik. Fakturazio osoaren %15 da hori, eta herritarrei iruzur egitea leporatu diete kontsumitzaileen elkarteek. Epaitegietara jo dute babes eske.

Espainiako Kontsumitzaileen Batasunak (UCE), adibidez, Movistarren aurkako salaketa jarri du Espainiako Telekomunikazio Idazkaritzan, «gehiegikeriaz jokatzeagatik». Datu «harrigarriak» eman dizkio Berriari Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasuneko (EHKB) zuzendari Celina Menazak. «Iaz, telefono erabiltzaile bakoitzari hitz egin gabeko ia hiru ordu kobratu zizkioten batez beste: behar baino 32 euro gehiago». Lehenengo minutua beti ala beti osorik pagatzetik dator desoreka. «Jakina, benetan hitz egiten emandako denboraren eta pagatu beharrekoaren arteko zuloa handitu egingo da hurrengo astetik aurrera, Movistarrek pila bat bezero baitauzka Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian.

«Eskandalagarria» da telefono operadoreen jokabidea, Euskadiko Kontsumitzaileen Elkargoko (EKE) presidente Jon Ariñoren ustez. «Lotsarik ez daukate, eta inolako arrazoi teknikorik ez dute eman berriro 30 segundoka kobratzen hasteko». Administrazioak konpainien «nagusikeriari» ez ikusiarena egiten diola, eta merkatuaren «liberalizazioa edo» aitzakia moduan erabiltzen duela gaitzetsi du Ariñok. «Eskuak lotuta dauzkala dio Espainiako Gobernuak, baina gezurra da hori. Hasieran, berdin jokatu zuen 906 telefonoekin. Aitzitik, herritarren presioa zela eta, azkenean debekatu behar izan zituen».

Aparkalekuetako tarifak, gatazka konpontzeko ispilu

Aparkalekuetako tarifak ekarri ditu gogora Administrazioaren eginbeharren harira. «Aparkaleku gehienak minutuka edo ordu laurdeneko tarteka kobratzen hasi dira, legez hala zehaztuta». Orain gutxi arte, ordu erdiko egonaldia pagatu behar izaten zuen erabiltzaileak, nahiz eta denbora ez bete.

Gatazka konpontzeko «borondatea» falta du Espainiako Gobernuak, EKEko presidenteak dioenez. «Nahi balute, hitz egindako segundoak bakarrik kobratzera behartu ahal izango lituzketeoperadoreak». Izan ere, kontsumitzaileen elkarteek «ezer gutxi» egin dezakete telefono konpainien «aldrebeskerien» aurrean. «Epaitegietara joatea alferrik da ia gehienetan».Behin epaitegietara joanez gero, ordea, 30 segundoen gaia ez ezik, auzitan jarriko dute deia ezartzearen kostua ere. «Lapurtzea» da hori. «Gauza beragatik bi aldiz kobratzea ez da zilegi», dio Ariñok. Jendeak deia ezartzearen kostua «normaltzat» jo duela, baina 30 segundoen gaia gogor astinduko dutela nabarmendu du EKEko presidenteak.Ipar Euskal Herrian, adibidez, tarifa sistema iraultzea lortu dute kontsumitzaileen mobilizazio kanpainek. Hasiera batean, operadoreek lehen minutua osorik ordainaraztea erabaki zuten, baita minututik pasatuz gero minutu bat eta 30 segundo kontuan hartzea. Eta horrela, 30 segundoka. Jokaera horrek ez zuen luzaz iraun. Kontsumitzaileen elkarteek kanpaina gogor bat egin zuten operadoreen aurka, eta segundoak baizik ez kontutan hartzea lortu zuten 2002an.

Iparraldean, segundoka kobratzen dute 2002tik

Orange izan zen lehena jokaeraz aldatzen, baina laster besteek segitu zioten: «Gure bezeroek gardentasun gehiago nahi zuten, beren kontsumoa hobeki kudeatzeko», azaldu zuen Louis Michel Aymard Orangeko Komunikazio arduradunak.

Irudia salbatu zuen Orangek, beraz. Haatik, kontratuen prezioa igo zuen eta hori, ez zuen, ez, azpimarratu. Nahiz eta banaz bestekoak egitea zaila den, hilabete oro pare bat euro gehiago ordaintzen da orain. Zerbitzu berriak eskaintzen dituztela oraingo telefonoek, horren gibelean gordetzen dira operadoreak garestitzea justifikatzeko. Bestelako kezkak ere badauzkate Euskal Herriko erabiltzaileek. Operadoreek, batez beste, minutuko 0,15 euro kobratzen dituzte sare bereko telefono batera deitzeagatik. Aldiz, beste sare bateko telefono batera deituz gero, 0,24 eurokoa da prezioa: %60 handiagoa.

Merkatu librea «desitxuratzea»egotzi diete kontsumitzaileen elkarteek telefono operadoreei. Salaketak ugarituz doaz: tarifak batera egokitzen dituztela eta, beraz, lehia zapuztea ere gaitzetsi dute kontsumitzaileek. Laster epaitegiek erabaki beharko dute jokabide horiek zilegi diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.