KONTSUMO PREZIOEN INDIZEA . Merkealdien eragina nabaritu, eta prezioak %0,1 jaitsi ziren otsailean

Inflazioa %3,9ra iritsi zen iragan hilean Hego Euskal Herrian, urtarrilean %4,1ekoa lortu ostean

Erredakzioa
DONOSTIA
2006ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Inflazioak bi aurpegi erakutsi zituen urteko lehen bi hilabeteetan Hego Euskal Herrian. KPI Kontsumo Prezioen Indizeak %0,5 behera egin zuen urte hasieratik, baina urtebete arteko tasak azken urteetako daturik handienak lortu zituen urtarrilean eta otsailean. Azalpena sinplea da. Hilabete batetik besterako aldeetan merkealdiek eragin dute, eta iragan urteetan gertatu den legez, litekeena da martxotik aurrera prezioek batez beste gora egitea.

Ez da hain erraza izango ordea, urte arteko tasa iraultzea. Urtarrilean goia jo zuen (%4,1), eta apur bat behera egin arren, maila altuan jarraitu zuen otsailean. Sektorekako datuek erakusten duten bezala, energiaren prezioa eragiten ari da batez ere goranzko joera. Izan ere, garraioaren prezioak Hegoaldeko herrialdeetan %1,5 eta %2,1 artean igo dira. Etxebizitza alokairuen prezioek ere gogotik egin dute gora urte hasieratik: %2,4 eta %3,1 artean.

Tabakoaren prezioen gerra ere nabaritu du inflazioak

Otsailean prezioek behera egiteko, merkealdien beheranzko joera gailendu da. Dena den, ez da prezioek behera egin duten sektore bakarra. Edari alkoholdunak eta tabakoa batez beste %4,7 eta %5 artean merkatu dira lau herrialdeetan urtarriletik. KPIk, beraz, tabakoaren prezioen gerra islatu du. Haatik, prezioak bere onera itzuli dira eta litekeena da normaltasunera heltzea martxoan. Astialdia eta kultura izan da prezioak jaitsi diren beste sektore bat: %0,5 eta %1,8 artean.

Herrialdeen artean alde handiak daude: Gipuzkoak du inflaziorik apalena (%3,7koa) eta gertutik jarraitzen dio Bizkaiak (%3,8rekin); Nafarroan %4koa da, baina daturik kezkagarriena Arabakoa da, urte arteko tasa %4,6ra heldu baitzen otsailean.Hego Euskal Herriko datuarenantzeko joera erakutsi zuen KPIk Espainian. Otsailean, bere horretan geratu zen datua, ez atzera ez aurrera.Inflazioa, berriz, %4an geratu zen. Urtarrilean inflazioa %4,2ra ailegatu zela-eta, prezioek orduan goia jo zutela uste du Pedro Solbes Espainiako presidenteorde eta Ekonomia ministroak. Azpiko inflazioa %2,9an geratu zenez KPIn berehalako eragina duten energia eta elikagaien prezioak kenduta lortzen da, igoeraren herena energia prezioei dagokiela ondorioztatu zuen. Datuok esku artean, Solbesek iragarri zuen martxoan inflazioa apaldu egin beharko litzatekeela. Betiere energiaren prezioekin «ezusterik ez badago». BBVA bankuak, berriz, Espainiako ekonomiari buruz egin dituen aurreikuspenen berri eman zuen. Aurten KPIk %3an amaituko duela iragarri zuen.

FRANTZIA



KPI %0,4 igo zen otsailean oporren eraginez



Hego Euskal Herrian iragan hilean prezioek behera egin zuten eta Ipar Euskal Herrian gora. Frantzian, behinik behin, Kontsumo Prezioen Indizea %0,4 igo zen otsailean. INSEE Frantziako estatistika erakundeak arrazoitu zuen igoera hori normala dela, sasoiko faktoreen ondorioz egiten dutelako gora prezioek. Eskoletan otsailean hartzen dituzten oporrak izan zituen aipagai. Iragan urtean, adibidez, hilabete berean, %0,5 gora egin zuten prezioek. INSEEren arabera, inflazioa %1,9ra jaitsi zen aurreko hilean. Adituen arabera, tentsio handiena energia prezioak ari dira eragiten. Energia eta elikagai freskoak kenduta lortzen den azpiko inflazioa %0,9ra jaitsi zen iragan hilean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.