Kontsumo pribatuan oinarritu da EAE atzeraldia gainditzeko

Jaurlaritzak ekonomian «ziklo aldaketa» hasi dela uste du, baina susperraldia «ahula» dela ohartarazi du

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2010eko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Kontsumo pribatuaren hobekuntzak berebiziko garrantzia izan du Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak atzeraldia gainditu ahal izateko. Datuak eskuetan, ekonomian «ziklo aldaketa» abiatu dela ziurtatu zuen Carlos Agirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak, baina «zuhurtzia» eskatu zuen, oraindik ere susperraldia «ahula» delako.

2009ko azken hiruhilekoan barne produktu gordinak %0,2ko hazkundea izan zuela aurreratu zuen Eustatek ostegunean, eta atzo xehetasunak jakinarazi zituen.

Urteko azken txanpan eskaeraren susperraldi esanguratsua gertatu zen. Familien kontsumoa, esaterako, %0,5 hazi zen, aurreko hiruhilekoarekin alderatuz gero. Autoak erosteko laguntzatik haratago, familiek ekonomiaren egoerari buruz duten iritzia hobetu dela uste du Agirrek. «Lehen aldiz, kontsumo publikoa baino gehiago hazi da pribatua, eta hori susperraldia finkatzeko ezinbesteko baldintza da». Urte eta erdi zeramatzan familien kontsumoak hazkunde tasa positiborik izan gabe.

Kontu ekonomikoen arabera, okupazio tasa %0,3 igo zen urria eta abendua bitartean, 2.600 lanpostu sortzeko. Eustatek berak lan merkatuari buruz argitaratzen duen inkestan baino hamarren bat eta 800 lanpostu gutxiago dira. «Hazkundea oraindik langabezia murrizteko txikiegia da», onartu zuen sailburuak, eta enplegua sortu arte krisia ez dutela gainditutzat emango esan zuen.

Aurrekoarekin alderatuz, azken hiruhilekoan hazkundeari heldu zioten industriak, zerbitzuek eta lehen sektoreak. Araban izan zuen hazkunderik handiena (%0,9), eta Bizkaian nahiz Gipuzkoan BPGa %0,2 hazi zen. 2009an BPGa %3,3 jaitsi zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aspaldiko beherakadarik handiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.