Espainiako ekonomiaren beheraldia moteltzen ari da. Bertako barne produktu gordina (BPGa) iazkoaren parekoa da ia, %0,1 txikiagoa aurtengo bigarren hiruhilekoan. Hala ere, urrun, oso urrun dago Europako ekonomia nagusien hazkundeetatik: Alemaniak %3,7, Frantziak %1,7, Erresuma Batuak %1,6 eta Italiak %1,1.
BPGaren igoera %0,2koa izan da lehen hiruhilekotik bigarrenera. Datuak espero baino hamarren bat hobeak dira, 2009ko datuak berrikustean ekonomia %3,7 jaitsi zela erabaki baitute, esandakoa baino hamarren bat gehiago.
Ekonomia hobetzearen arrazoietako bat familien kontsumoa handitzea izan da. %1,3 handitu da lehen hiruhilekotik bigarrenera, 2004tik izandako igoera handiena hiruhileko batetik bestera. Urte arteko datuetan lehen hazkundea izan du bi urtean, %2koa. INEk berak onartu du horretan eragina izan duela uztailean balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) %16tik %18ra igotzeak, jendeak erosketak aurreratubaititu, ondasun iraunkorrenak batez ere (autoak...). Ondasun iraunkorren kontsumoa %13 handitu da.
BEZaren ifrentzua
BEZaren igoerak ondorio negatiboa izan dezake hirugarren hiruhilekoan, prezioen garestitzeak kontsumoa moteltzen badu.
Sektoreei dagokienez, nabarmentzekoa da industriak izan duen urte arteko igoera, %2,2koa. INEren esanetan, 2007. urtearen amaieran hasitako uzkurtze prozesua amaitu da industrian. Zerbitzuek hazkunde positiboa izan dute urte eta erdian lehen aldiz, apala izan bada ere: %0,4koa. Eraikuntzak ez du bururik altxatzen: %6,4 jaitsi da urtebetean.
Ondasunen eta zerbitzuen esportazioa %8,8tik %10,5era igaro da lehen hiruhilekotik bigarrenera. Inportazioetan igoera handiagoa izan da: %5etik %8,1era.
Enpleguaren galeraren erritmoa moteltzen ari da, iaz %3,7koa izan zen, eta aurten, %2,5ekoa. Horrek esan nahi du urtebetean egun osoko 450.000 lanpostu galdu direla.
Espainiako Gobernuak uste du datuek «jardueraren normalizazio prozesua» islatzen dutela. Gobernuko ekonomia eremuko ministroek bilera egin zuten atzo, ekonomia aztertzeko.
Kontsumoak Espainiaren gainbehera moteldu du
BPGa %0,2 hazi da bigarren hiruhilekoan, eta urte arteko hazkunde negatiboa %0,1ekoa da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu