Euskal erakundeek ba ote dute autonomiarik zerga kontuetan erabakiak hartzeko, edota Espainiako berberak onartu behar dituzte? Galdera horri erantzun behar dio Luxenburgoko auzitegiak, eta horretarako gaur egin du ahozko auzi saioa. Hilabete batzuetara emango dute ebazpenaren berri. Euskaldunen eskubide historiko bat dago jokoan, kontzertu ekonomikoa, euskal autogobernuaren tresnarik garrantzitsuenetakotzat hartu izan dena.
Auzia nola joan den ikusita, gustura dagoela adierazi du Idoia Zenarrutzabeitia Jaurlaritzako lehendakariordeak. Harekin batera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeen ordezkaritza zabala izan da Europako auzitegian, hain justu, erakunde horiek autonomia fiskala dutela aldarrikatzeko. Besteak beste, han izan diraIzaskun Bilbao Eusko Legebiltzarreko presidentea, Jose Luis Bilbao, Xabier Agirre eta Markel Olano Bizkai, Araba eta Gipuzkoako hiru diputatu nagusiak, hiru ogasun diputatuak, Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea eta Juan Antonio Zarate Arabako batzar nagusietako presidentea eta merkataritza ganbera eta patronaletako ordezkariak.
Nolanahi ere, Espainiako Estatua ordezkatzen duen abokatuari zegokion kontzertu ekonomikoaren defentsa egitea, eta Zenarrutzabeitiaren arabera, "defentsa zuzena" egin du.
Kontua aspalditik dator. 1996an Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko diputazioek sozietateen gaineko zerga murriztea erabaki zuten. %32,5ean finkatu zuten; Espainian, berriz, %35ekoa zen. Horrek euskal herrialdeen mugakide ziren Espainiako lurraldeak haserrearazi zituen, lehiari kalte egiten ziolako, eta hainbat errekurtso ipini zituzten tipo ezberdintasunaren aurka, batez ere Errioxak eta Gaztela-Leonek.
2004ko abenduaren 9an Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoia eman zien lurralde mugakideei, eta indargabetu egin zituen Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko sozietateen gaineko zerga. Diputazioek, ordea, eskubide historikoa dela aldarrikatzen jarraitu izan dute. Eta horrela ibili dira: batzar nagusiak tipoak finkatu eta herrialde mugakideek haiek auzitara eraman.
Azore uharteen aferan Luxenburgoko auzitegiak 2006an emandako epaiak, ordea, aldatu egin du egoera. Europako auzitegiak orduan azaldu zuen lurralde batek sozietate zerga propioa jartzeko autonomia politiko eta finantza autonomia nahikoa zein kasutan dituen. Hiru baldintza aipatu zituen: eskualdeko edo tokiko agintaritzak gobernu zentralarena ez den estatutu politiko eta administratiboa izatea, gobernu zentralak ez izatea horren gaineko eskumena, eta zerga tasa murriztuaren finantza ondorioak (hau da, bertako administrazioentzat diru sarrera gutxiago izatea) konpentsatzeko beste eskualde batzuek edo gobernu zentralak laguntzarik edo diru laguntzarik ez ematea.
Ikusmin handia
Euskadiko Justizia Epaitegiak horixe argitzeko eskatu dio Europari. Hau da, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiak betetzen al dituzten Azoreei eskatutako baldintzak. Ba al duten sozietateen gaineko zerga aldatzeko ahalmenik.
Euskal kontzertu ekonomikoaren alde agertu dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak, Espainiako Gobernua, Confebask patronala eta merkataritza ganberak. Eta Erresuma Batuko eta Italiako Gobernuak ere beren babesa erakutsi dute. Zergatik? Beraiek ere antzeko kasuei egin beharko dietelako aurre, Gibraltar eta Siziliako zerga sistemengatik.
Zenarrutzabeitiak eta hiru ahaldun nagusiek adierazpen instituzionala irakurri dute goizeko saioaren ondoren, eta Espainiako Estatuaren eta EAEren arteko "elkarbizitza" estatuak ez duela onartzen esan dute, auzi hau dela-eta. Haien ustez, PSOEk eta PPk "erabilera politikoa" egiten dute kontzertu ekonomikoarekin, azkenean judizializatzeraino. "Europan defenditu behar izan dugu kontzertua, sortu eta 130. urtera", esan dute gaur Zenarrutzabeitiak eta hiru ahaldun nagusiek.
1981ean jarri zen berriro indarrean kontzertu ekonomikoa. Eta ordutik dute euskal erakundeek sozietateen gaineko zerga nahi duten kopuruan finkatzeko eskubidea. Eta horixe defendatu dute: eskubide historikoa dela, hain zuzen.
Kontzertu ekonomikoak lehia trabatzen duela diotenen artean hauek daude: Errioxako Gobernua, FER Errioxako enpresaburuen elkartea, probintzia horretako UGT eta CCOO sindikatuak, merkataritza ganbera eta Gaztela-Leongo Gobernua. Baina, nagusiki, Europako Batzordea dago euskal zerga sistema propioaren aurka.
Goizeko bederatzietan hasi da auzi saioa. Alde bakoitzak aurkeztu dituen abokatuez gain, fiskalaren antzeko funtzioa duen abokatu nagusi batek ere parte hartu du -Juliane Kokott alemaniarra, hain zuzen-. Erabakiaren berri hemendik hilabete batzuetara jakingo da eta loteslea izango da, ezingo da errekurritu. Halere, aurrez Kokott abokatuak bere txostena plazaratuko du. Dokumentu horrek aukera emango du epailearen erabakia aurreikusteko. Izan ere, hamar kasutatik zortzitan bat etortzen dira abokatu nagusiaren iritzia eta Europako Batasuneko auzitegiak amaieran emandako epaia.
Ekonomia
Kontzertu ekonomikoaren auzia nola joan den ikusita gustura geratu da Zenarrutzabeitia
Euskal erakundeek zerga kontuetan autonomiarik ba ote duten erabakitzeko saioa egin da Europako auzitegian. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeen ordezkaritza zabala izan da Luxenburgon auzia salatzen. Auzia nola joan den ikusita pozik geratu da Idoia Zenarrutzabeitia Jaurlariltzako lehendakariordea. Erabakiaren berri hemendik hilabete batzuetara jakingo da eta loteslea izango da, ezingo da errekurritu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu