ENPRESAK

Kooperatiba izandakoaren jabetzak Catarenak dira jadanik

Pedro Malagon epaileak uztailean egindako adjudikazioa sinatu du Kataluniako taldeak, eta bidea zabalik du egun gutxi barru enpresa berriaren jarduerari ekiteko.

Francisco Martin Catako zuzendaria, Fagorren instalazioetan, pasa den urriaren 1ean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS
xabier martin
2014ko urriaren 31
10:49
Entzun

CNA-Cata Kataluniako taldea Fagor Etxetresnen aktibo gehienen jabe berria da gaur goizetik. BERRIAk jakin duenez, Bartzelonan sinatu da eskualdatzearen kontratua. Azken asteetan hainbat atzerapen egon dira sinadura horren inguruan; aurrena, Malagon epaileak berak Catak bere eskaintzan sartu zituen Fagor Etxetresnen zordunen eskubideen inguruan erabaki bat hartu behar izan zuelako. Gizarte Segurantzaren helegite bat ere egon da tartean, eta epaileak hura atzera bota eta gero, "arazo administratiboak" iritsi dira, eta beste hainbat atzerapen eragin dituzte. Azkenean, gaur bertan sinatu da Cata Arrasateko kooperatiba zenaren jabe  egiten duen sinatzea.

Francisco Martin Catako buruak esana du "gehienez bi aste barru" hasiko dela ekoizpena Garagartzan (Arrasate) eta Eskoriatzan (ontziteria), eta horretarako kontratazioak martxan daudela bazkide ohi eta Fagor Etxetresnentzat soldatapeko gisa aritzen zirenen artean. Jadanik 155 langile lotu dituela ere esan du Martinek, baina haien kontratuak sinatzeko, lehen-lehenik adjudikazioaren kontratua sinatu behar zen. Bada, egina dago, eta datozen egunetan Arrasateko egoitzan jarduera bizkortzea espero da, ldhen produktuak ekoizten hasi ahal izateko.

Horiek horrela, Fagor Etxetresnen porrotak eragindako prozesuak mugarria izango du gaur, enpresaren eraldatzearen zirkulua itxi baita. Enpleguaren inguruko atalak zabalik jarraitzen du, ordea, eta ikusi egin beharko da Cata gai den Pedro Malagon epaileari egindutako 705 lanpostuak sortzeko. Bergarako Geyserreko lantaldearen gehiengoa Catarentzat ariko da aurki. Hala, egun gutxi barru 150etik gora langile izango ditu enpresa berriak. Urtebetean 700 ingurura iritsi beharko luke, CNA taldeko plana betetzen badoa salmenten aldetik, fakturazioaren aldetik.

Era berean, Fagor marka zenbateraino kaltetu den azken hilabeteetan ikusiko da. Ikusiko da, alegia, ahalezko bezeroek marka horrengan eta beste batzuengan konfiantza izaten duten aurrerantzean ere. Edonola ere, Fagor markako etxetresnek merkatuan jarraituko dute; orain urtebeteko lurrikararen ondoren, bigarren aukera izango dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.