Enpresak

Kooperatibek beren eredua aldarrikatu dute krisitik azkarrago ateratzeko

Kooperatibismoaren balioak «giltzarri» dira, Euskadiko Kooperatiben Goi Kontseiluarentzat, betiere enpresa eredu iraunkor bat lortzeko.

San Jose sailburua eta kooperatiben erakundeen ordezkariak. EUSKO JAURLARITZA
xabier martin
2020ko uztailaren 3a
12:11
Entzun

«Interkooperazioa, autogestioa eta elkartasuna», horiek dira euskal kooperatiben artean nagusitzen diren balioak, EKGK Euskadiko Kooperatiben Goi Kontseiluak esplikatu duenez, gaur Konfekoop Euskadiko kooperatiben konfederazioarekin batera egindako agerraldian. Kooperatibismoaren Nazioarteko Eguna da bihar, eta euskal kooperatibek beren enpresa eredua aldarrikatu dute: «Krisi honetatik indarturik aterako gara».

Dituen ezaugarriengatik, COVID-19ak eragin duen krisi ekonomikoak apalago joko du kooperatibetan beste enpresetan baino, elkarte horien ustez. Etengabe aldatzen ari den munduan, kooperatiben balioak «giltzarri» izango direla nabarmendu dute, krisitik azkarrago atera ahal izateko.  Kooperatiben konfederazioaren datuen arabera, 3.259 kooperatiba daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Beste 503 daude Nafarroan. «Munduko erreferentzia gara oraindik ere, kooperatiben kopuruagatik eta ereduak duen presentziagatik». Euskadiko Kooperatiben Goi Kontseiluko presidente Patxi Olarrak iragarri du 2030. urterako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpleguaren %20 eman nahi dutela kooperatiben eredu juridikoko enpresek. Nafarroako BPGaren %12 inguru kooperatibek sortua da, baita EAEko BPGaren %7 inguru ere.

«Kooperatibismoa indarturik aterako da krisi honetatik, horrelako egoeretan kooperatibismoaren balioak inoiz baino pisu handiagoa hartzen dutelako», esan du. Aldi baterako erregulazioen atalean, adibidez, kooperatibek eragin txikiagoa izan dute beste enpresa eredu batzuek baino, «kooperazio mekanismoei esker».

Ildo beretik, Konfekoopeko presidente Rosa Lavinek erantsi du balio kooperatiboak «lehiakortasun palanka eta konpromiso sozialaren erakusgarri» direla. Industriaren Nazioarteko Antolakuntza Cicopako presidente Iñigo Albizurik, berriz, berrikuntza izan du hizpide. Kooperatibak berrikuntzaren «laborategiak» direla esan du, eta COVID-19ari aurre egiteko irtenbideak aurkitu daitezkeela horietan.

Klima aldaketaren aurkako borrokan

Maria Jesus San Jose Jaurlaritzako Lan sailburua kooperatibisten alboan egon da, eta klima aldaketaren aurkako borrokan lehen lerroan jartzeko gonbita egin die enpresa horietako ordezkariei. Biharko eguna «Kooperatibak eta Klimaren Ekintza» lelopean ospatuko dute kooperatibek, izan ere. «Kooperatibismoan daude eredu iraunkorraren oinarriak», adierazi du San Josek. «Kooperatibek izan behar dute ingurumen programa kolektiboen abangoardia, ekonomikoa zirkularraren eragile berritzaileak eta Europako Itun Berdeko protagonistak». Lan sailburuak esan du koronabirusaren pandemiaren «kolpe izugarriak» oraina baldintzatzen duen arren ez dela ahaztu behar klima aldaketa dela «gizatasunaren aurkako mehatxurik handiena».

San Josek gogoratu du «Euskadik jakintza handia» biltzen duela klima aldaketaren aurkako «etorkizuneko irtenbideen inguruan». Kooperatiba ugari aplikatzen ari dira ekonomia zirkularrarekin lotutako estrategiak eta berrikuntzak, «beren errealitate partikularrei egokiturik». Dena den, San Josek aitortu du «bide luzea» geratzen dela egiteko alor horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.