Lanbide berriari buruzko zirriborroan kooperatibak baztertu egin direla salatu du Patxi Ormazabalek, Konfekoop Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko presidenteak. Eusko Jaurlaritzak egindako proposamenaren arabera, gobernuak berak, enpresaburuen elkarteek eta sindikatuek osatuko dute administrazio kontseilua. Horiek hartuko dituzte kooperatibekin lotutako eskumenei buruzko hainbat erabaki ere. «Mugarik gabeko gehiegikeria da hori», esan du Ormazabalek. Hala, Lanbiden parte hartzeko ahal duten guztia egingo dutela gaineratu du, besteak beste, alderdi politikoekin hitz egingo dute.
Etorkizunean, Lanbide arduratuko da enplegu politika aktiboak kudeatzeaz, eta bere gain hartuko ditu gaur egun dauden enplegu zerbitzu guztiak. «Boterea eta erabakitzeko gaitasuna kontzentratuko ditu, eta guk uste dugu gai horietan parte hartzeko eskubidea eta obligazioa ditugula». Ormazabalen esanetan, Lan Sailak baino eskumen gehiago izango ditu Lanbidek. «Kooperatiben mugimenduaren garrantziaz asko hitz egiten da, baina praktikan ez gaituzte kontuan hartzen», gaitzetsi du Konfekoopeko presidenteak.
KES Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren bidez jakin zuten Konfekoopekoek ez zutela Lanbiden parte hartuko. Ormazabalek azaldu duenez, orain bi hilabete gutun bat bidali zion Gemma Zabaleta Enplegu sailburuari, gaiari buruzko bilera eskatzeko. «Baietz agindu zigun, baina oraindik zain gaude», zehaztu du. Hala ere, aurreko astean jaso zuten Zabaletaren gutun bat. «Gure parte-hartzea oso zaila izango dela jartzen zuen erantzunean».
Emaitza «txarrak»
Kooperatiben Nazioarteko Egunaren aurkezpenean egin ditu adierazpenakOrmazabalek. Ostegunean izango da, eta Kooperatibak emakumeak ahalduntzearen alde izango da aurtengo leloa.Gasteizko Miñano teknologia parkeak ospatuko dute eguna; besteak beste, hainbat hitzaldi antolatu dituzte.
Konfekoop osatzen duten kooperatiben emaitzak ere eman ditu Ormazabalek. «Krisiak eragin digu, baina hari aurre egiteko tresnak ditugula ikusi da», esan du. 2008arekin konparatuta, «datu txarrak» izan dituzte. Hala ere, enplegua mantendu ahal izateko egin duten «esfortzua» nabarmendu du. Iaz, %31,72 jaitsi zen kooperatiben fakturazioa eta esportazioak %51,88. Enplegu aldetik, ordea, murrizketa txikia izan dute, %1,22koa. Soldatak murriztuta, lanorduak gehituta nahiz langileak beste kooperatiben birkokatuta lortu dute egoerari eustea.
Kooperatibek diote Lanbide berrian parte hartzeko eskubidea dutela
Beren eskumeneko erabakiak Lanbidek hartzea «mugarik gabeko gehiegikeria» iruditzen zaie
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu