Kooperatibek enplegua handitzea espero du Zabaletak

Ekonomia sozialeko enpresen sorrera 2009. eta 2010. urteetan igo izana nabarmendu du Lan sailburuak

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Kooperatiba berrien sorrera handitu da 2009. eta 2010. urteetan. Datu horretan oinarrituta, kooperatibetan enplegua suspertuko den itxaropena azaldu zuen atzo Gemma Zabaletak, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietarako sailburuak.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ekonomia sozialak duen egoerari buruzko agerraldia izan zuen Zabaletak Eusko Legebiltzarrean. Besteak beste, kooperatiba berrien sorrerari buruzko azken datuak eman zituen: 2010. urtean, 173 kooperatiba sortu ziren, aurreko urtean baino %30 gehiago. Lan elkartuko kooperatibak 133 izan ziren, %24ko hazkundea 2009 urtearekin alderatuz.

Ekonomia sozialaren alorreko enpresek, besteen antzera, krisiaren kolpea jasan dutela azaldu zuen Zabaletak, baina joan den urtetik kontratazioa eta jarduera hobetu direla nabarmendu zuen. «Lehendabiziko aldiz, kooperatiben portaera ez da zikloaren kontrakoa; akaso, ekonomia sozialeko enpresak heldutasunera iritsi direlako, batez ere kooperatibak».

Sektoreko langile kopuruari buruz eskura dauden azken datuak 2009. urtekoak dira. Horien arabera, ekonomia sozialaren alorrean 73.295 langile ari ziren urte horretan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztietatik %7,7. Kooperatibek eta lan elkarteek 59.835 lanpostu dituzte, enplegu zentro bereziek 7.232, eta aurrezki kutxek 5.642.

Lehen aldiz, zerbitzu alorreko enpleguak industriari lotutakoa gainditu du. Hala eta guztiz ere, industriak pisu handia du oraindik ere kooperatibetan. Hain zuzen ere, enpleguaren %47 biltzen du; ekonomia orokorrean, berriz, %25 inguru da.

Ekonomia sozialeko erakunde eta enpresei 722.300 euroren laguntzak bideratu zizkien joan den urtean Eusko Jaurlaritzak. Lehen aldiz, gainera, enplegu zentro bereziek, gizarteratze enpresek eta fundazioek laguntza horiek eskatzeko eta jasotzeko aukera izan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.