Kooperatiben Legea

Kooperatibek ez dute lekurik izango Lanbideren administrazio kontseiluan

Eusko Legebiltzarrak atzera bota du EH Bilduk Kooperatiben lege proiektuari jarritako helegite bat. Confebaskek bost ordezkari ditu gaur egun Lanbideren administrazio kontseiluan, eta haietako bat kooperatibentzat izatea eskatu zuten.

Langile bat lanean, Ampo kooperatibaren mekanizazio plantan, Idiazabalen (Gipuzkoa). AMPO
Hodei Iruretagoiena
2019ko urriaren 4a
19:09
Entzun

Eusko Legebiltzarrak atzera bota du kooperatiben lege proiektuari EH Bilduk jarritako helegite bat, eta ondorioz, ez du onartu kooperatibek ere ordezkari bat izatea Lanbideren administrazio kontseiluan. Elkarrekin Podemosek babestu du ekinbidea, baina ez EAJk, PSEk eta PPk. Aurkako botoa eman dute gaur, lege proiektuari buruzko batzordean.  Confebaskek bost eserleku ditu gaur egun Lanbiden, eta legearen tramitea geratzeko eskatu zuen duela bi aste.

Indarrean dagoen araudia duela 26 urtekoa da, kooperatiben errealitatea eta arazoak oso bestelakoak ziren garai batekoa, alegia. Azaroan onartu nahi dute lege berria, osoko bilkurara eramanda, baina bidea ez da erraza izango. Confebaskek esku hartu zuen duela bi aste kooperatibismoak leku bat eskura ez dezan Lanbiden, EH Bilduren zuzenketak proposatzen zuen modura. Legebiltzarreko Mahaiak Eduardo Zubiaurre patronaleko presidentearen gutun bat helarazi zuen Lan Batzordera, baina lanean segitu du lege proiektua jorratzen ari den batzordeak; hots, Confebasken eskaerak ez du tramitazioa eten, patronalak nahi zuen bezala. Lortu du, ordea, Lanbideko ordezkaritza mantentzea.

EH Bilduk kritikatu eign du EAJ, PSE eta PPren jarrera. Confebaken nahietara makurtzea leporatu die. Larraitz Ugarte koalizioko legebiltzarkideak nabarmendu du Nafarroako kooperatibek badutela ordezkaritza bat Nafarroako Enplegu Zerbitzuan. Helegitearen aurka bozkatu duten alderdiei eskatu die azaldu diezaietela kooperatibei zergatik ezin duten izan ordezkaririk Lanbiden eta bai, aldiz, Nafarroako Enplegu Zerbitzuan. Ugartek gogorarazi du Eusko Jaurlaritzaren txosten juridiko bat kooperatiben eskariaren aldekoa dela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.