Orain gutxi aldatu dituzte Errioxako ardoaren Lanbide Arteko Erakundearen estatutuak. EHNE eta UAGA ez daude ados erreformarekin, ezta Errioxako UAGR ere. Hiru sindikatu horiek eskatzen zuten kooperatibek sektore komertzialean izatea ordezkaritza, probintzia arteko diferentziazioa jartzea bakoitzaren hektarea kopurua kontuan hartuta, eta berritze prozesuak gardenagoak izatea. Salatu dute proposamen horiek eztabaidatu ere ez direla egin. "Erakundea adostasun espirituz sortu zen orain hamar urte, baina hautsi egin da".
Hala, aldaketen eraginez, kooperatibek dagokiena baino ordezkaritza handiagoa izango dutela diote EHNEk eta UAGAk. Eta nekazaritza erakundeek galduko dutela haiek irabaziko duten zatia. Bilerak antolatzeko quoruma ere murriztuko da, eta abstentzioak ez dira boto negatibo moduan zenbatuko. "Ardo sektorea eta mahastigintza gehiengoen arraboletik pasatzeko asmo argia dago, eta horrek gainerako erakundeekiko errespetu falta erakusten du".
Aurtengo mahats bilketari dagokionean, hiru sindikatuek eskatu dute mugatu egin behar direla errendimenduak. "Ematen du prezioak errentagarritasuna berreskuratzen ari direla. Horregatik geure buruaz beste egitea iruditzen zaigu errendimenduak igotzea, ardo stock-ak sortzea eragin baitezake".