Enpresak

Kooperatibismoari musika eta letra jarri dio Mondragonek

'Humanity at music' plazaratu du Arrasateko enpresa taldeak, musika, literatura, ilustrazioa, bertsolaritza eta dantza nahasten duen ohiz kanpoko obra. Mondragonen esperientzia kooperatiboari "arima" eman nahi izan diote Fernando Velazquezen sinfoniaren bidez.

Mondragoneko haibat kide eta obran parte hartutako haibat egile, Arrasaten, korporazioaren egoitzan, gaur. XABIER MARTIN
xabier martin
2018ko azaroaren 29a
15:03
Entzun

Mondragonek gaur ez du hitz egin industriari buruz; ez ditu datu makroekonomiak jakinarazi, ezta enplegu datuak edota jarduera enpresarialarekin lotutako beste aldagairen bat azaldu. Arteak bete du Arrasateko korporazioaren egoitza Humanity at music obra plazaratzeko eguna izan delako. Ez da erraza azaltzea erabat ohiz kanpoko lan mardul hori. Lehenik eta behin, artearen diziplina desberdinak nahasten eta uztartzen dituen obra dela esan beharko litzateke. Musika sinfonikoa, errelato laburren literatura, bertso idatziak, ilustrazio lana eta eszenaratzea bildu ditu Mondragonek, taldeko kohesioa bultzatzeaz gainera, "inguruneko aitortza ere" eskuratzeko.

[youtube]https://youtu.be/ePzOqBt59vg[/youtube]

Euskal kultur ekoizpena sustatu du, beraz, kooperatibismoa erdigunean jarrita, egileek beren ekarpen libreak egin ditzaten. Irati Jimenez, Katixa Agirre, Pili Kaltzada, Andoni Egaña. Amets Arzalluz, Onintza Enbeita, Jon Sarasua, Fernando Velazquez, Maite Mutuberria... asko dira askotariko diziplinetan aritu direnak Humanity at music obra sortzen, elkarlanean, kooperatibismoaren arimaz alegia, !"baina Mondragonen gorazarre hutsetik ihesi", egile batek baino gehiagok azpimarratu duenez.

[youtube]https://youtu.be/eDb6LTzYzLQ[/youtube]

Zazpi musika piezak osatzen dute sinfonia. Maite Mutuberria ilustratzaileak beren marrazkiz josi duen lliburua da fisikoki dagoena, eta han esteka bat aurki daiteke Fernando Velazquez konpositorearen eta Jon sarasua letra egilearen obra entzuteko. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak interpretatu du Velazquezen obra, eta datorren urtean, irailean 14an, Gasteizko Buesa Arenan eszenaratuko du, "oso modu berezian"; hasteko Kukai dantza taldeak bere ekarpena egingo du han. Taularatze nagusi hori baino lehen iritsiko dira, ordea, herriz herrikoak, Arrasaten bertan hasita, Maria Ubarretxena alkateak gogorarazi duenez.

Giharra ez, arima lantzeko da

"Gure arima lotzeko elementuak falta genituen akaso", esan du Mondragoneko Batzorde Iraunkorreko presidente Javier Goienetxeak; "Parte hartze sentipena indartu behar dugu, eta gure esperientziari jarritako musikak eta hitzek emango digute hori. Euskarazko produktua da hau, gure ingurunekoa, solidarioa, elkarlanean egindakoa". Hura bezala, Mondragoneko presidente Iñigo Uzin pozarren azaldu da taldeak ekoitzi duen obrarekin. "Hau ere bada Mondragon estiloa", esan du. "Proiektu hau kooperatibismoa da, eta haren bidez presentzia handiagoa eskuratu nahi dugu gure inguruan, aitortza handiagoa, sarritan ez dugulako lortzen behar genukeena".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.